Maietz Pazko jaiak ate joka, Arratzun
Muxikako Eleizalde auzoan eta Sukarrietan Maietz Pazko jaiak ospatzen ibili dira asteburuan, eta horien lekukoa hartuko du Arratzuk bariku honetan.
Asteburuan jende asko batu da aipatutako bi herrietan. Sukarrietan, besteak beste, zapatuko mus txapelketa eta Xaiborren ikuskizuna jendetsuak izan ziren eta, era berean, asko izan ziren Muxikako bariku gaueko kontzertuetara hurbildutakoak.
Bestalde, hauteskunde egunagaz bat egin arren, domekako ekitaldiak ere herritarren elkargune izan ziren. Sukarrietan, adibidez, sukalkiak prestatzen ibili ziren goizean goizetik. Muxikako Eleizalden, berriz, Baso Txoritxu taldeko dantzarien zein Onintza Enbeita eta Maialen Lujanbio bertsolarien Balkoitik balkoira saioekin gozatu zuten eguerdian, plazan.
Lau egun, hamaika plan
Maietz Pazko jaiak astebete atzeratzea erabaki dute Arratzun, eta jai batzordeak lau eguneko egitarau zabala prestatu du. Jaietako zapiak jantzi, eta gozatzera hurreratzeko gonbitea egin dute.
Etzi 20:00etan irakurriko dute pregoia, eta otsailean zendutako Bego Arazosa herritarra eta zinegotzia izango dute gogoan.
DJ Bull ezaguna aukeratu dute lehenengo gaua musikaz betetzeko. Zapatuan, berriz, egun osoan jai giroa bermatuta egongo da. Umeek jolasak izango dituzte aukeran goizean, Arratzuko Piratak Herri Kirol taldekoen eskutik, eta, arratsaldean, berriz, puzgarriak. Bestalde, gizonezkoen Bizkaiko Lasto Jaurtitze Txapelketaren finala 13:00etan hasiko dute. Beñat Obieta (Arratzuko Piratak Herri Kirol Kluba), Jose Martin Bustintza Tubi (Dimako Txabila HKT), Jon Loiola (Dimako Txabila HKT), eta Eloy Salterain (Abadiño) ariko dira zein baino zein gehiago.
Herri bazkarirako txartelak tabernan eskuratu daitezkeela jakinarazi dute, eta arratsaldeko playback lehiaketan parte hartzeko asmoa daukatenek aukeratutako abestia USBan gorde, eta 19:30ak aurretik txosnan izena eman beharko dute. “Adin guztietako herritarrentzat da”.
Domeka goizerako eta eguerdirako pilota partiduak antolatu dituzte. Esate baterako, Etxebarria nabarniztarrak eta Irusta munitibartarrak Labaka tolosarraren eta Bergera irurtzundarraren kontra jokatuko dute, 13:30etik aurrera.
Jaietako azkenengo egunean, Tor magoaren ikuskizuna izango da arratsaldean, eta Arratzuko Otxotearen esku egongo da jaiak borobiltzea iluntzean.
ARRATZUKO JAIEN EGITARAUA:
BARIKUA (EKAINAK 2)
- 20:00. Pregoia.
- 21:00. Sartenekoa.
- 22:00. DJ Bull.
ZAPATUA (EKAINAK 3)
- 11:30. Umeen jolasak, Arratzuko Piratak taldearen eskutik.
- 13:00. Bizkaiko Lasto Jaurtitze Txapelketaren finala.
- 14:00. Umeen bazkaria.
- 15:00. Herri bazkaria.
- Ostean. Bingo herrikoia.
- 15:30. Umeentzako puzgarriak.
- 20:00. Playback-a.
- 22:30. Eztitan erromeria.
DOMEKA (EKAINAK 4)
- 11:00. Arratzuko Esku Pilota Txapelketaren finalak.
- 12:30. Meza nagusia, Arratzuko koruak abestuta.
- 13:30. Pilota partiduak: Etxebarria-Irusta Vs. Labaka-Bergera.
MARTITZENA (EKAINAK 6)
- 13:00. Meza.
- 15:00. Maietz Pazkoetako bazkaria, Herriko Tabernan.
- 18:30. Tor Magoa.
- Ostean. Txokolatada.
- 20:00. Arratzuko Otxotea eta Maietz Pazko jaien amaierako txupina.
*Argazkiak: Muxikako Maietz Pazkoen jai batzordea / Hitza