Izaro Subek itsas hondoak garbituko ditu zapatuan
Hamabost urpekari inguru ibiliko dira zapatuan [ekainak 3] Hondartzape eta Xixili bitarteko itsaspea garbitzeko lanetan.
Aurten ere Hondartzen eta Itsas Hondoen Nazioarteko Garbiketan parte hartuko du Izaro Subek zapatuan [ekainak 3]. 09:00etan jarri dute hitzordua Izaro Subek portuan daukan lokalean, eta 09:30ak aldera aterako dira ontzietan garbiketan parte hartuko duten urpekariak.
Taldetik jakitera eman dutenez, aurten hamabost urpekari inguru ibiliko dira itsas hondoak garbitzen. Mundakako Hondartzapetik hasi eta Xixili eskultura inguraraino ariko dira garbiketa lanetan.
Garbiketa eginda, eta aurrekoetan egin modura, bildutako guztia sailkatu eta pisatu egingo dute. Horretarako portuan batuko dira, 12:00ak eta 12:30ak bitartean. Iaz, ehun kilotik gora hondakin atera zituzten Bermeoko portutik eta inguruetatik.
Ekainaren 10eko garbiketa. Bestalde, ekainaren 10ean [zapatua], Ekoetxea Sareagaz batera, beste hondakinen garbiketa batean parte hartuko dute Izaro Subekoek. Busturialdeko bost puntu desberdinetatik ibiliko dira hondakinak batzen. “Hitzordu horren helburua da gure lurreko eta gure kostaldeko hondakinek eragindako kutsadura ezabatzea, batez ere, erabilera bakarreko plastikoek eragindakoa, horiek baitira kanpaina horren protagonistak”, azaldu dute.
Hondakinen bilketan parte hartu gura dutenek izena eman behar dute Ekoetxea Sarearen webgunean.