Gernika Rugby Taldearen historia argazkien bitartez ezagutzeko erakusketa
Bost hamarkada areto bakarreko lau hormen artean laburbiltzea ez da erraza, baina klubaren historiaren eta istorioen aletxoak mimo handiz gorde dituzte Gernika-Lumoko Kultur Etxean dagoen erakusketan.
1973ko maiatzaren 18an Atxalandabaso tabernan sinatutako sorrera-aktan dago klubaren jatorria. Lehenengo entrenamenduak Suhiltzaileen Zelaian (gaur egun Santanape kiroldegia dagoen lekuan) eta Ibarrangeluko Laida hondartzan egiten zituzten jokalariek, eta urriaren 28an Bizkaiko Txapelketan egin zuen taldeak debut ofiziala (aurretik lagunarteko bat jokatu zuten Bilbao RCren kontra). Zuzenbidekoak izan ziren lehenengo aurkariak, eta Gernika-Lumokoak 32 eta 4 nagusitu zitzaizkien Derioko zelaian.
Mende erdian jokalari asko pasatu dira klubetik, kategoria desberdinetako hamaika talde eratu dituzte, eta horien zuri-beltzeko zein koloretako argazkiak ikusteko tarte bat hartzeak merezi du.
Urbietako partiduetan hutsik egiten ez duten argazkilarien laguntzari esker osatu dute bilduma; Angel Granderen, Pedro Urrutxuaren, Estanis Ugalderen, Gotzon Zuzaetaren, Jose Ramon Erezumaren eta Urdairack Elkartekoen argazkiekin osatu dute erakusketa. Klubaren historiari errepasoa eginez, berriz, bost panel ageri dira hormetan. Bost hamarkada, bost panel. Horietan aipatzen da, esate baterako, klubaren ikurra den armarria Edu Gordo artista gernikarrak sortutakoa dela.
Era berean, GRTk emakumezkoen Bizkaiko lehenengo taldea eratu zuela nabarmentzen da erakusketan; 1980-1981 denboraldian izan zen. Bestalde, Urbietako zelaiaren inaugurazio ofizialaren berri ere jaso dute. 1980ko hamarkadako lehenengo denboraldietan, partiduak Derioko zelaian jokatzetik Santa Luziako udal-zelaietan jokatzera pasatu ziren. 1984an lortu zuten errugbian jokatzeko berariazko zelaia Urbietan. Azaroaren 3an inauguratu zuten, Madrilgo Cisneros taldearen kontrako partiduagaz.
Jokalariek soinean izandako elastikoak zein garaipen esanguratsuen adibide diren garaikurrak ere eroan dituzte erakusketa aretora. Horiek zein argazkiek eta informazio-taulek klubaren iragana eta oraina batzen dute. Hazkundea, zerutik infernura igarotako bolada, susperraldia, gailurra… kontatzen eta erakusten ditu bildumak. Kemena, esfortzua, familia eta pasioa. Hori eta askoz gehiago da Gernika Rugby Taldea.
Bazkaria. Klubak 50. urteurren honetarako antolatutako ekimenetako bat da erakusketa, eta hurrengoa ekainaren 10ean izango da; jokalariak, jokalari ohiak, bazkideak, gurasoak, zaletuak, errugbizaleak…batuko dira 50. urteurreneko bazkarian.
Industria Kalean bazkalduko dute, Basurde Rugby Tabernaren parean, eta txartelak taberna horretan erosi behar dira, helduenak 20 eurotan eta umeenak 10 eurotan.