Roso Buch eta Sofia Da Silva, beste denboraldi batez Lointek Gernikan
Talde gernikarreko lehenengo hiru jokalariak dira Buch, Da Silva eta Itziar Ariztimuño.
Kontratua berrituta, Roso Buch kataluniarra laugarrenez ariko da Gernikako taldean, eta Sofia Da Silva portugaldarra bigarrenez. Biek ala biek nabarmendu dute Malosten “etxean bezala” sentitzen direla eta herriko eta klubeko “familia giroa” goraipatu dute.
Iaz, Buchek zortzi puntu, 2,7 errebote eta 2,1 asistentzia eskuratu zituen batazbeste Emakumezkoen Endesa Ligan. Hurrengo sasoiari begira, Buchek taldea “orain artekoa bezain lehiakorra” izatea gura du. “Taldeko liderretako bat sentitzen naiz, eta beste urte batez nire taldekideekin gozatu gura dut”. Lider sentitzen da, eta izango da. Izan ere, Ariztimuñogaz batera, berak hartuko du kapitain izatearen ardura.
Bestalde, Da Silvak 5 puntu eta 5,9 errebote lortu zituen batazbeste iaz, eta 8 puntu eta 6,4 errebote Eurocup Women txapelketan. Orain, Mexikoko Ligan jokatzen ari da Panteras Aguascalientes taldeagaz. Portugaldarra “oso pozik” dago berriro Malosten jokatzeko: “Lehen unetik herriaren eta taldearen berotasuna igarri nuen. Mailarik onena ematen jarraituko dut, nire izaera eta esperientzia batez ere, baina beti taldea aurretik jarriz”. Horrez gain, adierazi du denboraldi berriari aurre egiteko gogoa duela, “hobetzen eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko”.
Hiru. Momentuz, hiru dira Lointek Gernika Bizkaiak 2023-2024 denboraldirako baieztatu dituen lehen jokalariak: Itziar Ariztimuño, Roso Buch eta Sofia Da Silva. Gainera, azken egunetan, taldeak jakinarazi du ez dutela talde gernikarrean jarraituko Laura Spreaficok, Sandra Igerabidek, Andrijana Cvitkovicek, Patricia Burak, Julie Wojtak eta Brooque Williamsek.