Memoria lantzeko eta antzerkia idazteko tailerra, ekainean, Bakearen Museoan
Ekainean aurrez aurreko zein onlineko ikastaroak eskainiko ditu LaJoven antzerki taldeak Bakearen Museoan, antzerkiaren eta hezkuntzaren bidez Europako memoriarako gune bat sortzeko helburuagaz.
Euskal Herriko gazteek antzerkirako sormenezko idazketa landuko dute LaJoven antzerki taldeak proposatu duen Iragana irudikatuz izeneko tailerrean. Hala, Paco Gomez dramaturgoaren laguntzagaz, Gernikako Bakearen Museoan ikusgai dauden objektuetatik abiatuta, sormena landuko dute parte hartzaileek.
Tailerra EVZ Fundazioak (Memoria, Erantzukizuna eta Etorkizuna) eta Alemaniako Ekonomia Ministerioak finantzatutako Suntsipen Paisaiak nazioarteko proiektuaren parte da, eta antzerkiaren eta hezkuntzaren bidez Europako memoriarako gune bat sortzea du helburu.
Horrela, parte hartzaileek erresistentzia eta lankidetza moduei buruz hausnartuko dute tailerretan, eta hurrengo galderak erantzuten ahaleginduko dira: “Zer dakigu? Zer ez dakigu? Nola eragin digu azken garaietako historiak? Zer zerikusi dugu guk gerragaz, demokrazian jaioak garenok? Gauzak beste era batera gerta zitezkeen? Nolakoa izango zen nire bizitza 1937an 17 urte banitu?”
Tailerra doan da eta 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Ekainaren 2a da izena emateko azken eguna
Saioak aurrez aurrekoak zein online izango dira, eta ekainean eskainiko dituzte. Ekainaren 4an eta 17an izango dira aurrez aurrekoak, 10:30etik 13:30era bitartean hilaren 4an, eta 10:00etatik 12:00etara hilaren 17an. Ekainaren 6an, 8an eta 13an, ostera, onlineko saioak egingo dituzte, 17:30etik 20:30era bitartean. Zehaztu dutenez, ekainaren 17an, 12:30etik 14:00etara bitartean sortutako testuen irakurketa ekitaldia egingo dute Bakearen Museoan.
Tailerrean parte hartu gura dutenek ekainaren 2a aurretik izena eman beharko dute, hurrengo helbide elektronikoetara idatzita: palomarodrigo@lajoven.es edo hezkuntza.museoa@gernika-lumo.net.
Tailerra doakoa izango da, eta 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Jakinarazi dute ez dela idazketa teknikei buruzko aldez aurreko ezagutzarik beharko, ezta historian aditua izatea ere.