Gasteizko hilketa matxista salatu eta matxismoagaz amaitzeko deia egin du sare feministak
Gernika-Lumoko Sare Feministak Gasteizko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin du gaur [maiatzak 31] Gernika-Lumoko Merkurion.
Gizon batek bere bikotekide ohia hil zuen domekan Gasteizen, eta erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur [maiatzak 30] Gernika-Lumon; bi asteko tartean gertatu den bigarren hilketa matxista da. “Indarkeria matxistak ez du etenik izango gizartea egituratzen duen matxismoagaz amaitu bitartean. Indakeria hau sistema zisheteropatriarkalaren ondorioa da”, adierazi dute Gernika-Lumoko Sare Feministako kideek.
Hildako emakumea Maialen deitzen zela eta 32 urte zituela gogoratu dute. “Haurdun zegoen bere bikotekide ohiak erail zuenean, eta logelan hiru urteko haien haurra ere bazegoen”, gehitu dute. Samina eta elkartasuna adierazi diete familia eta lagunei, eta gertatutakoa gogor salatu dute: “Nazkatuta gaudela ozen aldarrikatu gura dugu. Indarkeria matxista ahalbidetzen duten jarrera konplize guztiekin amaitzea eta erasotzaileei aurre egitea jendarten osoaren ardura da”. Azpimarratu dute Gasteizko hilketa matxistaren kasuan bi izan direla biktima zuzenak: emakumea eta bere haurra.
Hilketa hori patriarkatuaren “muturreko ondorioa” baino ez dela uste dute, “egunero emakumezkoen bizitza baldintzatzen duen egitura baten ondorioa, alegia”. Izan ere, gaurko elkarretaratzean adierazi dute sistema “biolento” batean bizi direla emakumeak eta heteroarauan sartzen ez diren gorputzak, eta indarkeria patriarkalak dimentsio “asko” dituela nabarmendu dute. “Dimentsio asko ditu, eta umeen kontrako biolentziara ere zabaltzen da. Indarkeria egoerak bizi dituzten umeak horren zuzeneko jasotzaileak dira”.
Horiek horrela, indarkeria matxisten ikuspegi feminista “ezinbestekoa” dela diote, horrek prozesu osoan zehar “kalitatezko babesa eta baliabideak” eskainiko dituelako. “Ez dugu onartuko biktimizazioa erreproduzitzen duten irakurketa misoginorik ezta errua gugan jartzen duen esku garbiketarik”.
Aske bizitzeko duten eskubidea “ez dela segurtasun sailetik” etorriko esan dute, eta politika feministak exijitu dituzte: “Erradikalak, transbertsalak, integralak”. Bitartean, kaleak hartzen jarraituko dute.