Eneko Jauregi Escobar: "Aurten neure burua berriro topatu dudala sentitu dut"
Jauregi gako bihurtu da Amorebieta SD taldearen Bigarren Mailarako igoeran. Muxikarra 2. B Mailako golegilerik onenen pare aritu da, eta azken urteotako denboraldirik onena egin du.
Hamaika taldetan ibilita, Eneko Jauregi Escobarrek (Muxika, 1996) ondo ezagutzen ditu futbol jokalari izateak bere gain dituen argi-itzalak. Gernika SDko harrobian hazi eta hezitako aurrelaria da, baina hainbat tokitan gorpuztu du bere kirol ibilbidea, Amorebieta SDk Bigarren Mailara egin duen igoeran giltzarri izatera ailegatu arte. Ligako azken partidua hurrengo urtean beren partiduetako zelaia izango den Lezaman jokatu zuten joan den zapatuan, Bilbao Athleticen kontra. Berdinketa lortuta, maila igoera ziurtatu zuen Amorebieta SDk.
Zelan suertatu zitzaizun Amorebieta SDra jokatzera joateko aukera?
Nire agenteagaz elkarlanean sortu zen. Alde biko akordioa egin genuen: batetik, taldea mailaz jaitsi berri zegoen eta, beraz, gol ekoizpenari begira, nire profileko jokalari bat behar zuten lantaldean. Bestetik, nik ere etxetik hurrago jokatzeko eta sentsazio onak berreskuratzeko beharra nuen. Erabaki zuzena egin nuelakoan nago; gustura nago taldean.
Zelako taldea topatu zenuen Zornotzan?
Oso atsegina eta oso behargina. Egia esan, iazko lantaldeko bizpahiru jokalari baino ez zeuden aurtengo taldean; gainontzekoak sartuberriak ginen. Horrek esan gura du guztiok egokitzapen lana egin behar izan dugula. Edozelan ere, moldaketa hori erraza eta azkarra izan da. Amorebietak hasieratik niganako interesa erakutsi zuen eta, zorionez, emaitzekin erantzun diot nigan ipinitako konfiantza horri.
Ligako golegileen sailkapenean bosgarren amaitu duzu, eta mailako jokalariekin lehian ibili ostean, hamabost gol sartu dituzu. Beraz, aurten emaitzak alde eduki dituzu, ezta?
Bai, pozarren nago horregatik. Dena dela, guretzat beti izan da garrantzitsuena taldea mailaz igotzea. Denboraldi hasieran ez genukeen pentsatu ere egingo gerora lortuko genituen emaitzak eskuratzerik edukiko genuenik. Denboraldiaren zati handi bat play-off postuetan egin dugu; hori lorpen handia da, eta lantaldearen sendotasunaren berri ematen du.
“Jokatu izan dudan talde denetan, unerik gaitzenetan aurrera egiten ikasi dut”
Gernika SD, Cordoba, Atletico Levante, Asteras Tripolis, UCAM Murtzia, Cadiz, Lleida, San Sebastian de los Reyes eta, azkenik, Amorebieta SD. Hainbeste aldaketa eta bidaiagaz, zer ikasi duzu?
Kirol alorrean, gauza pila bat. Baina, batez ere, unerik gaitzenetan aurrera egiten ikasi dut. Kanpoan jokatzeak eta bizitzeak, sarritan, bakardade une ugari sortzen ditu, eta horiei aurpegia erakusten ikastea ez da inondik inora erraza.
Zentzu horretan, etxera bueltatzeko beharra igarri duzu?
Neurri handi batean, bai. Familiarengandik edota lagunengandik hurrago egon gura nuen; horregaz batera, Amorebietaren kirol proiektua erakargarria iruditu zitzaidan, eta ez nuen zalantza handirik eduki bertara jokatzera joatea erabakitzeko orduan.
Sarri, zelanbaiteko “emaitzakeria” jaurti ohi da aurrelarien bizkarrera, eta emaitzak baino ez zaizkie eskatzen. Zuk bizi al izan duzu horrelakorik?
Askotan pasatzen den zerbait da hori. Zenbait zalek sartzen dituzun golak edota egiten dituzun hutsegiteak baino ez dituzte gogoratzen; joera hori, aurrelarien kasuan, gehitu egiten da. Zorionez, denboraldi honetan sentsazio onak berreskuratu ditut, eta neure burua taldearentzat baliagarria eta erabakigarria dela sumatu dut. Eroso sentitu naiz bai zelaian egin dudan jokoaren aldetik, bai sarera bidali dudan gol kopuruagaz. Aurten neure burua berriro topatu dudala sentitu dut.
Zein zentzutan?
Buru aldetik gehien bat. Azken batean, emaitzak eta jokoa norberak gura edo espero dituenak ez direnean, oso erraza da horrek buruan modu negatiboan eragitea; zentzu horretan, bolada zailak bizi izan ditut. Beraz, sentsazio onekin, golekin, talde giro atseginagaz eta jarraitzaileen berotasunagaz berriro topatzea gauza polita da niretzat. Konfiantza aldetik, indartuta eta sendoago nabaritzen dut neure burua.
“Hasieratik argi eduki nuen Urritxekoa futbola biziki maite duen zalegoa dela”
Hain zuzen ere, zelakoa izan da Urritxeko afizioa ezagutzea? Zelako jarraitzaile sarea topatu duzu harmailetan?
Ederra izan da. Hasieratik argi eduki nuen Urritxekoa futbola biziki maite duen zalegoa dela. Taldearekiko inplikazio handia erakusten duten zaleak dira Zornotzakoak. Urritxen jokatzen dugun bakoitzero, taldekide guztioi babes handia ematen digute harmailetatik. Hori eskertzeko eta harro egoteko moduko zerbait da, Zornotza ez baita jokatzen dugun mailan dauden hirietako asko bezain handia edo jendetsua. Aurrekontu eta azpiegitura aldetik ere, talde apala eta langilea da. Oro har, afizio futbolzalea da, baita herriko taldearen babesle sutsua ere.
Urtebeteko hitzarmena adostu zenuen klubagaz. 2022/2023 denboraldia amaituta, zein izango da etorkizunerako zure jomuga?
Oraindik ez daukat ezer erabakita, eta ez dut horretarako presarik ere. Izan dudan urte onagaz, normala den legez, zenbait talderen arreta piztu dut; agenteari deiak iritsi zaizkio. Nolanahi ere, Amorebietan gustura aritu naiz aurten. Hortaz, hurrengo denboraldira begira, edozein gauza da posible. Datorren urteko jomuga ez da logura kentzen didan zerbait. Erabaki hori tokatzen denean hartuko dut, ez lehenago.