Buselektrikuek Udaberri Kulturala antolatu du bigarrenez
Hiru proposamenez osatutako egitaraua prestatu dute, lehenengo antzezlana eguenerako [ekainak 1] antolatu dute.
Kulturari bultzada eman asmoz, Buselektrikue antzerki taldeak Udaberri Kulturala antolatu zuen iaz, lehenengoz. Ekimenak eduki zuen arrakasta ikusita, aurten ere antolatzea erabaki dute, eta lehenengo proposamena eguenerako [ekainak 1] antolatu dute; Piszifaktoria Laborategiaren Ivanka antzezlanaz gozatzeko aukera egongo da Kabidxe Gune Sozialean, 20:00etan.
Egueneko emanaldia “berezia” izango dela diote antolatzaileek, entzungailuak jarrita edukiko baitituzte bertaratutakoek: “Ikusle bakoitzak bere entzungailuak edukiko ditu, eta bertatik entzungo duena ikusi ahal izango du antzezlanean”.
Beste bi proposamenak Nestor Basterretxea aretoan izango dira, hurrengo bi barikuetan. Ekainaren 9an Alain Lersundi aktore ondarrutarraren Nire zigilua antzezlanaren eta Maren Basterretxea berriatuarraren Igaro bakarrizketaren txanda izango da, 20:00etan eta 21:30ean izango dira, hurrenez hurren.
Aurtengo edizioari “amaiera borobila” emateko, Buselektrikuek iaz estreinatutako Añenak publikoari! antzezlanaren “bertsio gaurkotua” ikusteko aukera egongo da: “Aldaketa txikiak egin ditugu. Eneritz Artetxe aktorea bidelagun dugu aurten, zuzendari lanetan”. Hala, herritar guztiak gonbidatzen dituzte herriko antzerki taldeak ekoiztutako lana ikustera. Martxoan, Afizioz 2023: Antzerki Amateur Lehiaketaren bigarren saria jaso zuten bermeotarrek. Taldearentzat saio “garrantzitsua” izango dela esan dute, “herrian ere taularatzeko aukera edukiko dugulako”.
Egueneko [ekainak 1] antzezlanerako sarrerak www.buselektrikue.eus webgunean eskuratu daitezke, 7 eurotan.
Aurtengo egitarauaren barruan “formatu desberdinak” sartzeko asmoa zeukatela azaldu dute: antzerkiak, mikroantzerkiak, tailer bat, kontzertu bat… “Kulturak biltzen dituen formatu desberdinak sartzea zen asmoa, baina ezinezkoa izan zaigu arrazoi desberdinengatik”. Hala ere, hurrengo urtera begira aipatu formatua proposatu eta landuko dutela gaineratu dute; “ea posible dugun”.
Azaldu dutenez, Udaberri Kulturalerako egitaraua prestatzen ari zirela kultur sortzaile desberdinen proposamen asko jaso dituzte, eta eskerrak eman gura dizkiete erakutsi duten “jarreragatik eta prestutasunagatik”. Horiek guztiak bildu eta hurrengo baterako kontuan edukiko dituzte.
Eguenerako saiorako sarrerak, salgai. Etzirako sarrerak www.buselektrikue.eus webgunean eskuratu daitezke, 7 eurotan. Beste ekitaldietarako sarrerak “laster” jarriko dituzte eskuragarri webgune berdinean. Dena den, saioak hasi aurretik ere salgai jarriko dituzte sarrerak.
Herritarrei Buselektrikue elkartera batzeko deia egiten diete: “Hamar herritar inguruk parte hartzen dugu elkartean eta boluntario moduan antolatzen ditugu ekintza guztiak, egiten duguna maite dugulako. Antzerkia, kultura, euskara eta herria maite dituzten horien guztientzako lekua dago elkartean. Hau guztia beharrezkoa ikusten dugu, eta lanketarako bidea ere polita da”.
EGITARAUA
- Eguena [ekainak 1]. 20:00etan. Piszifaktoria Laborategiaren Ivanka. Ikusleek entzungailuekin ikusiko dute antzezlana. 50 minutuko antzezlana izango da, eta Goiko Plazako Kabidxe Gune Sozialean izango da.
- Ekainak 9, barikua. 20:00/21:30. Alain Lersundi aktore ondarrutarraren Nire zigilua (30 minutu) antzezlana eta Maren Basterretxea berriatuarraren Igaro bakarrizketa (35 minutu), Nestor Basterretxea Aretoan.
- Ekainak 16, barikua. 20:00. Buselektrikue antzerki taldearen Añenak publikoari! antzezlana (40 minutu), Nestor Basterretxea aretoan.