Santanapen erabakiko da igoera
2.B mailara igotzeko lehenengo kanporaketetan, Gernika FSk 2 eta 7 irabazi zion Gasteizko Aurrerari, atzo arratsaldean [maiatzak 28]. Ondorioz, zapatuan [ekainak 3] jokatuko du bigarren eta azken kanporaketa.
Talde arabarrak berdinketa nahikoa zuen play off-etan aurrera egiteko; izan ere, Gernika-Lumoko kluba hirugarren geratu da ligan eta Gasteizkoa bigarren: “Guk derrigorrez irabazi behar genuen”.
Gernika FSkoek “oso ondo” hasi zuten atzoko partidua, lehenengo 15 segundoetan sartu baitzuten lehenengo gola. “Hori ez da izaten inoiz erraza. Ondo etorri zitzaigun; abantaila eman zigun, eta ondo hasi ginen”. Handik aurrera, erabateko nagusitasuna izan ez bazuten ere, aurkariak baino hobeak izan ziren partidu osoan, eta partidua “irabaztea merezi izan” zuten.
Gernikarren golaren ostean, euren huts egite bat ondo aprobetxatuta, kontraerasoko jokaldi batean, banako berdinketa lortu zuten etxekoek. Baina, Gernika FSk, jokaldi nahikoa onei esker, bi golekin erantzun zieten: “Bata pase askoko jokaldi bat izan zen, urrunetik jaurti, eta sekulako gola egin genuen. Bestea falta batean sartu genuen”. Atsedenaren aurretik, Gasteizko taldeak bigarren gola egitea lortu zuen. “Lehenengo zatian alde izugarria ez zen egon, baina hobeak izan ginen”.
Bigarren zatiaren hasiera “nahikoa orekatua” izan zen, eta gola egitea kostatu zitzaien gernika-lumotarrei. 2 eta 4ko markagailuagaz, gol gehiago lortzeko eta markagailua iraultzeko asmoz, Gasteizko Aurrerako atezaina jokalari lanetan aritu zen. Gernika FSkoek defentsa sendo mantendu zuten, eta beste hiru gol sartu zituzten.
Santanape lehertzera. Donostiako Antiguoko ligako lehenengoaren eta Tolosako Laskorain laugarrenaren artekoa izan da play off-etako beste kanporaketa, eta Laskorain 2 eta 3 nagusitu da.
Talde tolosarraren kontra zapatuan [ekainak 3] berdinketa lortzeak ere balio die gernikarrei 2.B mailara igotzeko: “Partidua berdinketagaz amaitu, eta luzapenean ere berdinketari eutsiz gero, gu igoko gara”. Neurketa “oso gaitza” izatea espero dute; aurkariak “jokalari oso fisikoak” dira, oso indartsuak: “Eta teknikoki zein taktika aldetik, oso onak dira”. Aurten Gernika FSkoek euren kontrako etxeko partidua galdu dute, eta Tolosakoa berdinketagaz amaitu zuten: “Asko kostatuko zaigu irabaztea. Euren atezaina jokalari lanetan aritzeko aukerak dituzte, eta hori landu egin behar dugu asteon. Partidua korritzekoa izango da, gorputza sartzekoa”.
17:45ean hasiko da partidua, eta lehia estua izango da igoera helburu duten bi taldeen artean: “Eurak orain dela gutxi jaitsi ziren, 2.B mailara egoten ohituta daude”.
Zaleen babesa. Santanape kiroldegian jarraitzaileen bultzada ez dute faltako. “Argi dago euren babesa behar dugula. Urte osoan sekulako laguntza eman digute, batez ere, aurkari indartsuen kontrako partiduetan. Kopan, adibidez, 2.B mailako Zierbenaren kontrakoan, Santanape guztiz bete zen. Horrek izugarrizko indarra ematen digu”. Zaleak “beste jokalari bat” direla azpimarratu dute, eta asteburuko partidu garrantzitsura hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete.