Maite Zubieta busturiarrak Athleticegaz berritu du
Busturiarrak esan du Athletic Clubeko lehen taldean jokatzea eta Lehen Mailan debuta egitea "beti izan dela bere ametsa".
Athletic Clubek eta busturiarrak bi denboraldiz luzatzeko akordioa lortu dute, hain zuzen ere, 2025eko ekainaren 30era arte.
Maite Zubieta 2018-19 denboraldian iritsi zen Lezamara kadete mailan jokatzeko, eta aurreko denboraldian jokatu zituen lehen minutuak lehen taldeagaz. Athleticetik jakitera eman dutenez, hurrengo denboraldian lehen talde zuri-gorriaren dinamikan sartuko da “osotasunean”.
Busturiarrak esan du, Athletic Clubeko lehen taldean jokatzea eta Lehen Mailan debuta egitea “beti izan dela bere ametsa: “Prozesu luzea izan da, baina esfortzuagaz eta lanagaz lortu dut lehen talde zuri-gorriagaz jolastea”. Eskertuta dago Athleticek beregan jarritako konfidantzagatik. Denboraldi berriari begira “ilusioz” dago busturiarra, “lehoi moduan esperientzia eta minutu gehiago” eskuratu gura dituela aipatuta.
Zubieta, atzelari zein erdilari gisa aritu daiteke, eta Athletic Clubetik diote “ezinbesteko” jokalaria izan dela emakumezkoen filialaren hazkundean Klubera iritsi zenetik. Joan den abenduaren 3an lehoi bezala debuta egin zuen Lezaman Madril CFFren aurka. Diotenez, busturiarrak “ez du ahaztuko” 2022-23 denboraldia, bi urrezko domina lortu baitzituen Espainiako selekzioarekin joan den udan, 19 urtez azpiko Europako Txapelketan eta 20 urtez azpiko Munduko Txapelketan.