EAJ izan da nagusi Busturialdean, beste behin
Gernika-Lumon EH Bilduk lortu ditu boto gehien, eta Bermeon EAJk gehiengo osoa galdu du. Sukarrieta Kanala Bizirik herri hautagaitza nagusitu da Sukarrietan, eta Errigoitin EAJk alkatetza kendu dio EH Bilduri.
2019ko udal hauteskundeekin alderatuta, Busturialdean ez da egon gorabehera handirik; jeltzaleek nagusi izaten jarraitzen dute. EH Bilduk 8.186 boto eskuratu ditu, eta EAJk 9.559; lau urtetan EAJk 3.762 boto galdu ditu, eta koalizio abertzaleak, ostera, 546 boto.
Alderdi jeltzaleak hamabi udaletan lortu ditu boto gehien, eta EH Bilduk seitan, eta Ibarrangelun Armenduk bere gehiengoa berretsi du, eta Sukarrietan aurten sortu duten Sukarrieta Kanala Bizirik herri hautagaitzak dauzka boto gehien. Bestalde, Errigoitin aldaketa egon da, EH Bilduk alkatetza galdu du, eta Frank Zubiaga jeltzalea izango da alkatea datozen lau urteotan.
Aldaketa handiena gertatu den herria Gernika-Lumo izan da: 12 urte eta gero, EH Bilduk berriro irabazi ditu hauteskundeak Gernika-Lumon. Boto kopurua nahiko berdindua izan da: sei zinegotzi izango dituzte EH Bilduk (2.844 boto) eta Jose Maria Gorroñoren Guztiontzako Herriak hautagaitzak (2.628 boto) , eta bost ordezkarirekin geratu da EAJ (2.500 boto). Jose Ramon Bilbao Buli EH Bilduren alkategaiak esan du hauteskundeen emaitzak “herriaren aniztasunaren isla” direla.
Bermeon, EAJk gehiengo osoa galdu du, alderdirik bozkatuena izan bada ere (3.465 boto); zortzi zinegotzi lortu ditu. EH Bilduk zinegotzi kopurua mantendu du, bostekin jarraituko du. Aldaketarik nabarmenena Guzan herri plataformarena izan da, gorakada nabaria izan dute eta zinegotzi bat gehiago lortu dute, lau izango dituzte, hain zuzen ere. Hiruretako alkategaiek nabarmendu dute “berba egiteko unea iritsi dela”.
2019. urteagaz alderatuta, EAJk zein Bilduk botoak galdu dituzte; 758 boto gutxiago izan dituzte jeltzaleek, eta 108 boto gutxiago, berriz, EH Bilduk. Guzan herri plataformakoek goraka jarraitzen dute, eta aurrekoan baino 349 boto gehiago eduki dituzte.
Parte hartzea, gora. Abstentzioari dagokionez, 2019tik hona ez da abstentzioan alde handirik egon; aurten %23,16koa izan da, eta 2019an %27,48. Parte hartzea, beraz, igo egin da. Muruetan, esaterako, abstentzioa oso baxua izan da (%5,2).