"Bizkaitarrei egunerokotasunean laguntzeko eta gauzak hobeto egoteko lanean jarraituko dugu"
Bizkaiko Batzar Nagusietan 23 eserleku edukiko dituzte jeltzaleek; bi hautetsi galdu dituzte. Udal eta foru hauteskundeetako emaitzak "ondo sakontzeko" goiz bada ere, datuen lehenengo irakurketa egin du Jane Eyre Urkieta jeltzale foruarrak.
Bizkaiko Batzar Nagusietarako Busturia-Uribe barrutiko EAJren zerrendaburua da Jane Eyre Urkieta Zuzaeta foruarra. 51 hautetsietatik 23 eskuratu dituzte jeltzaleek; bi eserleku galdu dituzte, horietako bat bertoko barrutian. Urkieta hirugarren agintaldiz izango da batzarkide.
Foru hauteskundeetako emaitzak eskuetan, zelako balorazioa egiten duzu?
Alderdiak egindako irakurketari eutsiz, eta Andoni Ortuzarrek esandako hitzak haintzat hartuta, Bizkaiko emaitzak hor daude, eta gure barrutikoak ere bai, eta hausnarketa bat egingo dugu. Gaur EBB batzartuko da, baina guk beti eduki dugu erantzukizuna eta egonkortasuna instituzioetan, eta alderdi mailan gaur erabakiko da zer erabaki hartu. Balorazioak egiteko arin da, baina gu saiatuko gara lanean jarraitzen, eta orain arte egon garen moduan, konpromiso osoarekin, eta egonkortasuna lortzeko helburuagaz. Emaitzak hor daude eta onartu egin behar ditugu, eta lanean jarraitu beharko dugu bai Bizkaian, eta baita barrutian eta eskualdean ere.
Hain zuzen, Andoni Ortuzarrek berak abstentzioaren eragina aipatu zuen hauteskunde gauean. Bizkaiko Batzar Nagusien eserlekuen osaketan ere ondorioak eduki dituela uste duzu? Busturia-Uribe barruan hautetsi bat galtzearen arrazoia ere hori izan liteke?
Gaitza da esatea arrazoia zein izan den, baina lehenengo irakurketa batean esan liteke abstentzioak gogor jokatu duela, eta uste dugu gure kontra izan dela. Orduan, mezu bat jaso behar dugu, eta hortik ikasi behar dugu, eta aurrerantzean gauzak hobetzen saiatu eta lanean jarraitu, ez dago besterik.
Datuak lasaiago aztertu eta sakonago hausnartzeko astea izango da honakoa. Baina zuei botoa eman dizueten herritarrei zer esango zenieke?
Helarazi diguten konfiantzagatik eskerrak ematen dizkiegu. Kasu honetan, norbere bozka da konfiantzaren seinale nagusiena, eta benetan eskertuta gaude. Eta esan gura diet aurreratzen saiatuko garela egindakoari jarraipena ematen, lanean jarraitzen. Eta, era berean, etxean gelditu direnei, kritikoak direnei esan gura diegu lanean jarraituko dugula, eta ea konfiantza hori berreskuratzea lortzen dugun.
“Orain arte joan garen ildo beretik, Elixabete Etxanoberen lidergoan aurrerantza jarraitu beharko dugu”
Busturia-Uribe barrutiko zerrendaburu izateak zer suposatzen du zuretzat?
Eskerrak eman behar dizkiet, batez ere, alderdiari, eta kasu honetan, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteari eta lankideei, eta baita afiliazio guztiari ere, ni zerrendaburu izatea aukeratu dutelako. Bai, erantzukizuna da, saiatu gara, uste dut lan bikaina egin dugula barruti honetan eta Bizkaia osoan ere bai, eta jarraituko dugu. Emaitzak hor daude, eta hobetu beharra baino ez dago, orain arte moduan lanean jarraitzeko. Tristura ere ematen du; jendea etxean gelditu izanak zer pentsatua ematen du, baina horrek ere beste indar bat ematen digu lanean jarraitzeko eta gauzak hobetzen jarraitzeko. Bestalde, gu Foruan pozik gaude, zinegotzi bat gehiago irabazi dugu, eta eskualdean ere emaitza politak egon dira.
Aurreko lau urteetako egindako lanari jarraipena emateagaz batera, zeintzuk izango dira datozen lau urteetarako Bizkaiko Batzar Nagusietarako erronka nagusiak?
Elixabete Etxanobek kanpainan aipatu bezala, pertsonak ipini behar ditugu erdigunean, eta orain arte egindako gizarte politikekin segitu. Lana ere jendearen ardura handietako bat da, eta zaintza. Horiek denak dauzkagu mahai gainean, eta orain arte joan garen ildo beretik, Elixabete Etxanoberen lidergoan aurrerantza jarraitu beharko dugu, Batzar Nagusietan ere bai. Ez dakit zelan geratuko diren, baina apurka-apurka hasi beharko dugu lanean berriro. Berriro ere kofiantza eman diguten guztiei eskerrak eman gura dizkiet. Bizkaitarren egunerokotasun horretan laguntzeko eta gauzak hobeto egoteko hor egon gara lanean, eta horretan jarraituko dugu. Hori da gure erronka, eta horretarako gaude. Aurrerantza egiteko bultzada berri bat hartu dugu gaur, eta lanean jarraituko dugu.