'SOS Kabidxe' lelopean agerraldia egingo dute gaur
Kabidxen Gaztelugatxeko Interpretazio Zentroa kokatzeko asmoa duela iragarri zuen atzo EAJk. Erabaki horren aurrean, Goiko Plazako Kabidxe Gune Sozialean batzen diren taldeek "ezinegona eta haserrea" agertu dute.
Goiko Plazan kokatuta dagoen Kabidxe Gune Sozialean Gaztelugatxeko Interpretazio Zentroa kokatzeko asmoa daukatela iragarri zuen EAJk atzo. Proposamen horren aurrean, Kabidxen batzen diren herri mugimenduko taldeek “ezinegona eta haserrea” erakutsi dute.
Ohar bidez azaldu dute urteetan herriko “edozein eragile zein norbanakok” erabili duten guneak “bere eraketa, parte hartze eta erabilera sistemak gainbegiratu eta adostu berri” dituela, prozesu “asanbleario, anitz eta oso parte hartzailean”. Izan ere, diotenez, erabilera “asko zabaltzea” da berrantolaketaren arrazoia.
Hainbat erabaki hartu dituztela gogorarazi dute, eta horietako bat da “udal gobernuagaz interlokuazioa zehaztea”, uste baitute udal gobernuagaz komunikazioa “normalizatu” behar dutela: “Ez gara aldatu, berdin pentsatzen jarraitzen dugu”.
EAJk Kabidxerako daukan proposamena hedabideen bidez jaso dutela diote, “nahiz eta udal gobernuari interlokuziorako proposamena luzatu ziotenean esker onez hartu eta poza adierazi zuten”.
Hausnarketa “sakonago” bat egingo dutela diote, bitartean, prentsaurrekoa deitu dute gaurko; 18:00etan jarri dute hitzordua Kabidxen bertan. Herritar guztiak deitu dituzte prentsaurrekoan parte hartzera.