Lau dantza garaikide, oholtzan batuta
LaRutan konpainiaren ‘Rosas to Dance’ ikuskizunak maisu lanak diren eta dantza garaikidearen ondare kulturalaren oinarriak ezartzen dituzten lau pieza eszeniko lantzen ditu.
Zerbait ezkutatzeko modurik onena agerian uztea dela esan ohi da, eta begi bistan jartzen den hori identifikatzea ere zaila izaten da askotan. Hala, dantza garaikidearen historian esanguratsuak diren maisu lanen eszenak ezkutuan gordetzen dituen ikuskizuna sortu du Maria Andres Sanz dantzariak: Rosas to Dance. Lehen begiratuan, bikote harreman bat irudikatzen duen obra dela dirudien arren, dantza garaikidearen kultur panoramaren kritika izateko asmoz sortu zuen obra da, eta gaur (maiatzak 26) estreinatuko du Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian, 20:00etatik aurrera.
Herritarren artean hausnarketa bat bultzatzeko helburu horregaz, dantza garaikidearen historiako lau pieza irudikatzen dituen obra sortu du, Denis Martinezegaz taularatuko duena. Hain zuzen ere, Pina Bauschen Cafe Muller, Anne Teresa De Keersmaekerren Rosas danst Rosas, Mats Eken Appartament eta Akram Khanen Kaash ikuskizunak dira Rosas to Dance obran ikusi daitezkeenak; lau ekitaldi edo atal ditu obrak, eta atal bakoitzean dantza pieza bat irudikatzen dute.
“Antzezlanak irakurketa bikoitza du: begiratu batean, badirudi bikote harreman bat irudikatzen ari garela, topaketak eta desadostasunak dituen harreman bat, baita topaketak eta hausnarketak dituena ere. Jeloskortasuna da eskala sinplean irakur daitekeen hari narratiboa. Baina, dantza garaikidearen kultur panoramaren kritika izateko asmoz sortu nuen”, azaldu du Sanzek. Izan ere, ikusarazi gura du kolore batzuen batura ezagutzea nahikoa dela horiek futbol talde bategaz erlazionatzeko, edota Bethoveenen edo Mozarten musika entzutea nahikoa dela doinu horiek sortzaile horiekin identifikatzeko, baina salatu gura du ez dela gauza bera gertatzen dantza garaikideagaz.
“Nik dantza garaikidean horren ezaguna den Pina Bauschen Cafe Muller bezalako lan ezagun baten remake bat eginez gero, jendeak ez du nire lana ikuskizun horregaz erlazionatuko. Izan ere, jendeak ez du pieza horiek identifikatzeko tresnarik”, adierazi du. Sanzek aitortu du antzezpen txikiak egin dituztela euren lana erakusteko, eta dantzari buruz asko dakien publikoaren artean ere denek ez zituztela obra guztiak identifikatu: “Zenbait antzezpen txikitan eta egin ditugun erakusketetan ikusi ahal izan dugu dantza publikoaren barruan ere batzuek pieza batzuk eta besteek beste batzuk identifikatzen dituztela”.
Gustuko dituelako aukeratu ditu horiek, baita Isadora Duncan edo Martha Graham bezalako dantzari ezagunen lanak ez direlako ondo egokitzen euren gorputz hizkuntzara. “Ez dugu dantza garaikideko ikuskizunen obra historiko bat egin gura izan”, adierazi du.
Sortzaileak dioenaren arabera, obra “apur bat apurtzailea” da, maila teknikoan eta koreografikoan “oso formalak” direlako, baina formalismo hori hausten duten keinuak ere landu dituztelako. «Erabili ohi dugun mugimendu motarako, apurtzailea da obra. Asko gustatzen zait oso formalak diren lerroak eta apurtzaileak diren formak nahastea”. Pieza honetako eszenak koadro bizidunak balira bezala sortu ditut, izan ere, obra “edozein momentutan” geldituz gero, ageri diren estrukturek, eszenografiek eta argiztapenek koadro bat osatzen dute.
“Edertasuna sortzen lan egitea gustatzen zait, baina umorea sartzen diogu. Denis ni baino txikiagoa da, eta egiten dugun rola ez da ohiko bikote rola, horregaz hausten dugu. Eta umorea egin nahi dugunean, ez dugu umore erraza egiten, barre egiteko ordua noiz den jakiteko umorea egiten dugu. Sotiltasunetan sartzen gara, eta zalantza sortzen dugu. Bi lerroren artean mugitzen gara”, aitortu du dantzariak.
Hasiera. LaRutan konpainiaren ibilbidean Martinezek eta Sanzek “askotan” lan egin dute elkarregaz, eta euren entseguetan dago estreinatzear dagoen lan horren oinarria: “Gure pieza ia guztiak gure artean entseguak egiteko erabili ditugun espazioetan jaio dira; entseguetan egiten genituen joku ezberdinetatik ideiak hartu ostean eraiki dut lana. Orain ez, baina Denis Kubako konpainia nazionalean egon zen, eta duela zazpi urte hona etorri zenean, gogoan zituen konpainiagaz antzeztutako obra guztiak, eta beti txantxetan aritzen zen gogoratzen zituen horiek antzezten. Ballet batean ari zela irudikatuz, pieza bat edo besteko uneak dantzatzen zituen, eta ni ideia horretan oinarritu nintzen lan hau egiteko”.
Astiro-astiro prestatu duten obra da Rosas to Dance, 2021ean ekin ziotelako lanari eta gaur aurkeztuko dutelako: “Pil-pil erara prestatzen joan garen pieza da». Izan ere, 2021ean Harrobia Eskenakoen Eszenabide laguntza jaso zuten, eta ordura arte sortuta zuten oinarria garatu ahal izan zuten; lehen ekitaldi osoa eta bigarrenaren zati bat sortu zituzten orduan. Urtebete beranduago, 2022an, BilbaoEszena jaialdiak beka bat eman zien, eta Harrobian egon ziren entseatzen uztailean eta azaroan. «Hirugarren ekitaldia sortu genuen orduan”. Iaz, berriz, Sorkuntza Faktoriako artisten beste egoitza batean egon ziren, laugarren eta azken ekitaldia sortzen, eta, gainera, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan zuten. “Azken laguntza horrekin ekoiztu dugu lana, eta argien proposamena garatu ahal izan genuen”, adierazi du Sanzek.
Orain, egindako lana erakustea baino ez da geratzen, eta udalerrian egingo dute, “gertutasunagatik”. Izan ere, Bermeon bizi da Sanz, bere amamaren herrian, eta Gernika-Lumoko Astran entseatzen aritakoa ere bada. Obra aurkezteko “gogotsu” dago, prozesua “oso luzea” izan delako: “Prozesuak ez du lau hilabete baino gehiago iraun, baina urte askotan luzatu dugu lana. Apurka-apurka egin dugunez, estreinatzeko gogoa daukagu, lanak argia ikustekoa”.
Aurten sorkuntza lanean aritu dira, LaRutan konpainiak dituen bi estreinaldietan, eta datorren urtean ekingo diote zabalpen lanari. “Konpainia txikia gara, eta barne egitura txikia dugu. Oraingoz ez dugu lana erakusteko datarik bilatu, baina ziur gaude ekitaldiak izango ditugula. Dagoeneko badira erosteko interesa duten udalerriak, baina ez dago data finkorik”.