Busturialdean 37.908 herritar daude botoa ematera deituta
Domekan [maiatzak 28] ospatuko dira udal eta foru hauteskundeak. Alkatetzarako lehia handia egongo da Gernika-Lumon. EAJk eta EH Bilduk ez dute erakutsi Gorroñogaz negoziatzeko borondaterik, baina argi dago 16 urtez alkate izandakoa gako izan daitekeela hauteskunde hauetan.
Busturialdean 2.244 izango dira atzerritik botoa emateko aukera edukiko dutenak. 2019ko azken udal hauteskundeetan aldaketak izan ziren nagusi hainbat herritan. 2023ko ekitaldian ere, hain zuzen, bada aldaketarako aukerarik. Gernika-Lumon zer gerta litekeen ez dago argi. Jose Mari Gorroño, alkatetzan lau agintaldi eginda, bosgarrenaren bila doa.
2007an, EAE-ANVren aterkipean lortu zuen aginte makila Gorroñok; gerora, EH Bildugaz (2011n) eta EAJgaz (2015ean eta 2019an) irabazi zuen. Aurten, EAJtik bereizita eta Guztiontzako Herria herri hautagaitzagaz aurkeztu da. Lehia estua dago mahai gainean. EAJk eta EH Bilduk ez dute erakutsi Gorroñogaz negoziatzeko borondaterik, baina argi dago 16 urtez alkate izandakoa gako izan daitekeela hauteskunde hauetan.
Busturialdeko beste zenbait udalerritan ere herritarrek alternatiba berriak edukiko dituzte aukeran. Mundakan, esaterako, Herritar Alternatiba sortu dute, Mundakako alkate ohi Mikel Bilbao Ruiz buru duela. EAJk aurkeztutako zentsura mozio bat zela eta, alkatetzatik kanpo geratu zen Bilbao. Orain, baina, «alderdi tradizionalekiko hautagaitza independenteagaz» dator, «herrian sumatu dituen aldaketen beharretatik» sortu dutena.
Bermeoko Udalak iragarri du Benito Barrueta institutuan bozkatzen duten herritarrak Anasagasti Tar Teodoro kaletik sartu beharko direla institutura; Esparru kaletik Bizkai Buru kalera igogailua egiten ari direla azaldu dute, eta lanek ohikoa den sarrera oztopatzen dutela
Sukarrietan, berriz, Sukarrieta Kanala Berbiztu herri hautagaitza ez da bozkalekuetan egongo, baina Sukarrieta Kanala Bizirik herri hautagaitza izango dute aukeran, Jaime Orueta zerrendaburu dela. Herriko «beharrei erantzuteko» aurkeztu dute hautagaitza. Busturian, independenteen talderik ez da egongo aurten, BITek ez baitu zerrendarik aurkeztu.
2019an, Nabarniz, Muxika, Murueta, Kortezubi eta Elantxoben alde txikiak egon ziren: Elantxoben, EH Bilduk EAJrekiko 11 botoko aldeagaz irabazi zuen; Muruetan, hamahiru izan ziren EAJ eta MITen artekoak, lehenengoen alde; Muxikan, EH Bildu 23 botoko aldeagaz gailendu zitzaion EAJri; Nabarnizen, aldiz, zortziko aldeagaz; Kortezubin, jeltzaleak hamazazpiko aldeagaz gailendu zitzaizkion koalizio abertzaleari. Parekotasuna izango da, beraz, herriotako gidalerro nagusia.