Mundakako Turismo Bulegoak irudi berritua dauka
Mapa berriak jarri dituzte; Mundakakoa eta eskualdekoa. QR kode ugari jarri dituzte "informazio guztiari sarbide birtuala emateko".
Mundakako Udalak Turismo Bulegoaren irudia berritzea erabaki du, hala, irudi “eguneratua” eskaintzen du orain. Sarreran “askoz ere ikusgarriagoa eta estetikoagoa” den plaka korporatibo berri bat jarri dute, eta “hobekuntza garrantzitsuak dakartzan” 3Dn diseinatutako udalerriaren plano turistiko berri bat jarri dute. Modu horretara, erabiltzaileek udalerriko interes turistikoko, ostatuetako eta ostalaritzako gune nagusiak identifikatu ahal dituzte.
Irati Gondra alkatearen arabera, mapa berriak “diseinu askoz erakargarriagoa, errealagoa eta modernoagoa” erakusten du eta, era berean, Mundakako gune turistiko garrantzitsuenei buruzko informazio zehatza jasotzen du: ostatuak, tabernak eta jatetxeak, eta udalerriko interes historiko eta kulturaleko lekuak.
Bigarren mapa bat ere jarri dute, Urdaibaiko eskualdea oso-osorik erakusten duena. Horretan, eskualdea osatzen duten herrietako gune turistiko “garrantzitsu eta erakargarrienetako” batzuen erreferentziak ere badaudela zehaztu du alkateak.
QR kode ugari jarri dituzte, “informazio guztiari sarbide birtuala emateko”. Kode horien artean, Urdaibaiko Bisore Turistikorako sarbidea nabarmendu dute, “Urdaibaiko Biosfera Erreserbatik modu jasangarrian ibiltzeko eta sentitzeko bidaia-gida interaktiboa da”. Alkatearen arabera, baliabide horren bidez, erabiltzaileek bertoko baliabide turistikoak (ostatuak, ibilbideak, eskaintza gastronomikoa, monumentuak, ekitaldiak, jarduerak…) begiratu ahal izango dituzte, “bakoitzaren interesen arabera iragaziz eta xehetasun gehiago behar dutenei buruzko informazioa zabalduz”.
Urdaibain eskura dagoen guztia ezagutzeko “modu oso praktiko eta interesgarria” dela dio, eta bakoitzaren neurrira egindako bidaia batez gozatzeko “aukera paregabea” eskaintzen duela nabarmenduta.