Gerra Presoen Ospitale Militarrean hildakoak omentzeko memoria eta historia ekitaldiak prestatu ditu Pipergorrik
Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarra (1938-1940) zarratu zeneko 83. urteurrena gogoratzeko ekitaldiak prestatu ditu Pipergorri Kultur Alkarteak. Paco Etxeberria antropologoa udalerrian egongo da.
Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean hil ziren 269 presoak omenduko ditu Pipergorri Kultur Alkarteak ekainaren 3an, baina hilaren 1etik 3ra bitarterako ere denetariko ekintzak prestatu dituzte. Joseba Egigurenek Francoren presoak Urduñan liburuari buruzko hizketaldia eskainiko du ekainaren 1ean, eta Donde el trigo crece mas alto dokumentala proiektatuko dute ekainaren 2an, Paco Etxeberriagaz.
Pipergorrikoek Gerra Presoen Ospitale Militarrean hildako 269 presoen izenak argitaratu zituzten iaz, eta izena eta izena jarri zieten. Eta presondegia zarratu zeneko 83. urteurrenaren bueltan –ekainaren 3an itxi zuten–, hildakoen memoria berreskuratzeko eta horiei duintasuna emateko ekitaldiak prestatu dituzte aurten ere. Izan ere, memoriari buruzko ekitaldi publikoak egitea “beharrezkoa” dela deritze: “Memoriaren beharra dago, memoria inklusiboa bultzatu behar da, eta memoria errepublikarra berreskuratu. Horretarako, memoriaren ezagutza eta zabalkuntza bultzatu behar ditugu. Gizarteak preso errepublikar horiei zor die euren kasua plazaratzea, ezagutzea eta horiek dignifikatzea”.
Pipergorrikoek biktimen “errehabilitazioa eta dignifikazioa” bultzatu gura dituzte, ahanzturan erori barik. “Memoria publikoa egin gura dugu, leku bat eskaini gura diegu hildakoei, jendeak horiek gogoratzeko eta familiek euren senideak gogorazteko gune bat behar dutelako. Familiek asko eskertzen dute euren familiartekoen izena gordeta egotea. Zallon lurperatu zituztenen hezurrak ezin dira atera, leku horretan obra handiak egin zirelako eta hezur horiek hezurtegi komunera joan zirelako. Hori eskaintzerik ez dago, baina euren omenezko memorial bat egitea bai, eta hori egin dugu. Merezi dute duintasun hori”.
Liburu aurkezpena. Gernikarren “iraganaren” parte dira, eta memoria hori ere gogoratu beharra dagoela azaldu dute Pipergorrikoek. Hala, Urduñan egin duten memoria lanketa oinarri hartuta, Joseba Egigurenegaz hitzaldia egitea erabaki dute; izan ere, Gernikan hil ziren presoetako “asko” Urduñatik etorri ziren: “Ez dakigu preso guztiak nondik etorri ziren, baina batzuk bai, eta horietako asko Urduñatik etorri ziren. Han kontzentrazio esparru bat egon zen, kartzela zentrala bihurtuko zena gero. Bertan presoek jasan behar izan zituzten baldintza penagarriek heriotza eragin zieten 225 presori gutxienez”.
Barikuko dokumentalak, berriz, 2019ko irailean La Riba del Escalote herrian (Soria) Asociacion Soriana Recuerdo y Dignidad elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako desobiratzea dauka oinarri. Eta proiekzioaren ostean, Etxeberriagaz egingo duten berbaldia azpimarratu dute antolatzaileek. “Bera da desobiratze munduan gehien dakien pertsona. Desobiratze asko zuzendu ditu, eta gai honetan adituena da bera. Berak gomendatu digu Donde el trigo crece mas alto dokumentala proiektatzea. Han fusilatu zituzten Alberto Rodrigo, Gregorio Valdenebro, Silverio Lumbreras eta Adolfo Morales eta horien eta euren familien historia kontatzen du proiekzioak”.
Hildako presoen familiakoak bertaratuko dira omenaldira, tartean Nabarnizkoak
Ekainaren 3an, berriz, Zalloko hilerrian elkartuko dira, 269 Memorialaren aurrean, eta omenaldia egingo diete bertan hildakoei: “Iazkoa baino omenaldi xumeagoa izango da, lasaiagoa. Egun horretan egingo dugu duela 83 urteko ekainaren 3an zarratu zutelako presondegia”. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, familiak ere bertaratuko dira, tartean Extremadurakoak, Andaluzikoak eta Nabarnizkoak. “Familiei berba eskaini gura diegu, kontatzeko dutena entzun gura dugu”.
Gero, izenari izana emago diote, presoen izenak irakurriz eta lore eskaintza eginez. “Momenturik hunkigarriena izango da omenaldia, familiak horretara datozelako apropos. Guretzako ere eurekaz egotea garrantzitsua da. Izan ere, lan honek dokumentazio lan sakona eduki du, identifikazio lana izan da, papelen artekoa, baina ikusi dugu alderik politena eta adierazgarriena dela giza dimentsioa daukana: familiak ezagutzea, zer esaten duten entzutea… Eurekin hartu emana izan da oso aberatsa da”.
EGITARAUA
- Ekainak 1, eguena. 18:30-20:00. Joseba Egigurenegaz, hitzaldia: ‘Francoren presoak Urduñan’.
- Ekainak 2, barikua. 20:00. Zine Klubagaz elkarlanean, ‘Donde el trigo crece mas alto’ dokumentalaren proiekzioa. Ostean. Paco Etxeberriagaz hitzaldia.
- Ekainak 3, zapatua. 11:30-12:30. Omenaldia Zalloko hilerrian.