Gernika-Lumo "merezi duen tokira" eroango du EH Bilduk
Jose Ramon Bilbao Gernika-Lumoko EH Bilduren alkategaiak Iker Casanova ahaldun nagusirako hautagaiaren eta Mertxe Aizpurua diputatuaren babesa eduki zuen atzo [maiatzak 24] egindako ekitaldian.
Gernika-Lumoko EH Bilduren alkategai Jose Ramon Bilbaok adierazi du EH Bildurena “ez dela proiektu pertsonala, talde proiektua eta komunitatearena baino”. Eta gaineratu du beste hautagaitzen ereduagaz alderatuta, eurek proposatzen duten udal eta gobernu eredua “zeharo desberdina” dela: “Gure eredua horizontalagoa, feministagoa eta koralagoa da, hurbilagoa eta errealagoa”.
Udalak “galdu duen sinesgarritasuna eta herritarren konfidantza” ere berreskuratu nahi dituztela dio. “Promesa faltsurik gabe, Gernika-Lumo merezi duen tokira eroango dugu”, gaineratu du.
Atzoko ekitaldian Iker Casanova ahaldun nagusigaiaren eta Mertxe Aizpurua diputatuaren babesa eduki zuen Bilbaok. Casanovak uste du Busturialdean “Bizkaia polizentrikoa aldarrikatzeko unea” dela, eta EH Bilduk eskualde guztiek “aukera berdinak edukitzea defendatuko” duela nabarmendu zuen. “Batzuek Busturialdea parke tematiko bihurtu nahi duten bitartean, EH Bilduk eredu sozio-ekonomiko integral bat ezartzearen alde egiten du”.