Lokalbide programak jarraipena izango du hirugarren urtez
Bermeoko Udalak jakitera eman duenez, 2021ean Lokalbide programa sortu zenetik, guztira, hamabost lokalek ireki dituzte ateak.
Aurreko bi aldietan Lokalbide programak izan duen “arrakasta” kontuan izanik, Bermeoko Udalak programari jarraipena ematea erabaki du, hirugarren urtez jarraian. Aipatu programaren baitan ematen dituzten diru laguntzak eskatu gura dituzten pertsonek, azaroaren 15era arte egin ahalko dute.
Gogora ekarri dutenez, bi helburu estrategikori erantzuten dien ekimena da; batetik, herriko Alde Zaharra dinamizatzea, eta bestetik, ekintzailetza sustatzea. 2021ean Lokalbide programa sortu zenetik, guztira, hamabost lokalek ireki dituzte ateak.
Oraingoan, udalak 36.000 euro bideratuko ditu negozioak Alde Zaharrera eroateko interesa pizteko, eta Alde Zaharreko merkataritza eta bizitza pixkanaka berreskuratzeko, “bizitzeko gune dinamiko eta atseginago bihurtuz”.
Bermeoko Udalak Lokalbiden izena emateko deia egin die herritarrei, bai lokalen jabeei, baita ere ekintzaileei
Laguntzak ekintzaileei ematen zaizkiela gogora ekarri dute, alokairuaren zati bat ordaintzera bideratu behar direla aipatuta. Onuradunek, gehienez, 3.600 euroko diru laguntza jasoko dute, 300 euro hilabete bakoitzeko. Mota ugaritako negozioak izan daitezkeela aipatu dute: saltoki txikiak, pertsonentzako zerbitzu-enpresak, ostalaritza, artisau tailer txikiekin edo antzekoekin (arrantza eta elikadura, turismoa, adimen artifiziala, irtenbide digitalak) lotutako jarduerak…
“Garrantzitsua da martxan jartzen diren politikek herrian eta herritarrengan zuzeneko eragina izatea”, azaldu du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Hala, Bermeoko Udalak Lokalbiden izena emateko deia egin die herritarrei, bai lokalen jabeei, baita ere ekintzaileei: “Oso aukera ona da alokatu gabeko lokalak berriro martxan jartzeko eta pertsona ekintzaileek negozioak zabaltzeko”.
Funtzionamendua. Lokalbide programaren bitartez, Bermeoko Udalak, Alde Zaharreko lokal hutsak identifikatzen ditu, jabeei programara atxikitzeko proposamena egiten die eta atxikitutako lokal hauek ekintzaileen eskura jartzen ditu, euren negozioak bertan garatu ditzaten. Udalak, hortaz, bitartekari lana egiten duela gogorarazi dute, jabeei euren lokalak alokatzeko laguntza eskainiz eta ekintzaileei negozioak zabaltzeko edo bertara mugitzeko aukera eta laguntza ekonomikoa emanez.