Bertsolaritzarekiko zaletasuna plazara
Bertsozale Elkartea Gernika-Lumoko ikastetxeetan garatzen ari da 'Mundu bat bertso' ekimena, eta ikasturtean zehar ikasitakoak praktikan jartzeko aukera izan dute gaurko topaketan, udalerriko ikasleek.
Bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza zabaltzea eta gazteen bertsoarekiko zaletasuna piztea du helburu Bertsozale Elkartea Gernika-Lumoko ikastetxeetan garatzen ari den Mundu bat bertso ekimenak. Eta, proiektu horren baitan, Seber Altubeko, Mertzedeko, Barrutiako, San Fideleko eta Allende Salazarreko ikasleek ikasturtean zehar ikasitakoak erakusteko aukera izan dute gaur, Lizeo Antzokian egin duten bertso topaketan. Kantuan zein bertsotan denetariko errimak eta doinuak erakutsi dituzte.
Jolas bidez landu dituzte horiek ikasturtean zehar, eta jolas horietako batzuk erakutsi dituzte gaur. Lehenengo, baina, Janire Arrizabala eta Koldo Gezuraga bertsolarien bertso saioaz gozatzeko aukera izan dute. Gainera, Mikel Inuntziagaren kantuez gozatzeko eta beragaz deneteariko kantuak abesteko aukera izan dute.
Ostean, bertsoen bitartez, bidaiatu edo lanbide desberdinak ezagutu dituzte, baita asmakizunei erantzunak bilatu edota oin ezkutuak asmatu ere.
Guzti horri esker, bertsolaritza ikastetxeetan zein herri mailan sustatu dute Bertsozale Elkartekoek, eta ikastetxeaz kanpo umeek bertsolaritzari jarraipena ematea ere bai. Gezuraga proiektuko kideak dio Gernika-Lumoko ikasleen kasuan Lilibertsora salto egitea izango litzatekeela hurrengo pausoa, eta horretara animatu ditu ikasleak gaurko ekitaldian.
Proiektuaren bitartez, beraz, bertsolaritzaren bidez umeen hizkuntza gaitasunean eta ahozkotasunean eragitea bilatu dute, eta helburu izan dituzte euskararekiko jarrera positiboa indartzea eta hizkuntza komunikaziorako ahozkotasuna garatzea. Horretarako, lau arlo landu dituzte ikasturtean zehar: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun sozialak eta pertsonalak.
“Euskaraz ikastean, gaiak ipuinean, doinuak aske doaz, soinu uhinean. Hitzen kili-kiliak sentituz oinean, bil ditzagun bertsoak, nork bere soinean”. Koldo Gezuraga.