Bermeoko Txosna Batzorderako zazpi logo proposamen daude aukeran
Logo berria barikuan [maiatzak 26] egingo duten asanblada irekian aurkeztuko dutela azaldu dute. Herritarrek barikura bitartean daukate gustukoena duten logoa aukeratzeko.
Bermeoko Txosna Batzordea logo berri dabil, eta parte hartze herrikoia zabaldu zuten horretarako. Zazpi proposamen aurkeztu dituzte, eta beste behin ere parte hartze herrikoia zabaldu dute. Hala, orain, herritarrek gustukoena bozkatzeko aukera daukate Internetez.
Proposamenen artean aukeraketa egiteko azken eguna barikua [maiatzak 26] izango dela esan dute, 12:00ak arte. Izan ere, logo irabazlea zein den barikuan egingo duten asanblada irekian aurkeztu gura dute. 18:30etan jarri dute asanbladarako hitzordua, eta ohi legez, Kabidxe gune sozialean batuko dira. Logo berria aurkezteaz gain, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak prestatzen jarraituko dute. Hala, herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.