Ariztimuñok Gernikaren lidergoan segituko du
Lointek Gernika Bizkaiaren kapitainak zortzigarren denboraldia jarraian beteko du klubean.
Jokalari bilbotarraren kontratu berritzearen berri gaur (maiatzak 24) eman du klubak. Beragaz “oldarkortasuna, abiadura eta izaera ziurtatuta” daudela azpimarratu dute.
Ariztimuño da klubak 2023-2024 denboraldirako baieztatu duen lehenengo jokalaria: “Ariztimuñok taldeko liderretako bat izaten jarraituko du, kantxa barruan zein kanpoan”.
Joko antolatzaileak 3,4 puntu, 2,4 errebote eta 2,2 asistentzia lortu zituen batez beste iaz. Beste urtebetez taldean jarraitzeagatik eta hazten jarraitzeko aukera izateagatik “oso pozik” dago: “Nire bilakaerarekin jarraitu nahi dut, eta taldeari nire onena eman”. Era berean, Emakumezkoen Endesa Ligan zein Europan beste behin onenen artean lehiatzeko “gogotsu” dago: “Urtero gero eta zailagoa da aurreko denboraldietako emaitzak berdintzea, baina saiatuko gara”.