Jabier Ondarza izango da MITeko alkategaia
Ondarzaren arabera, Muruetak bi gai "oso konplexu" ditu eskuartean: "Arau subsidiarioen berrikuspena, hau da, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra eta Guggenheim proiektua".
24 urtez Muruetako alkate izan ostean, 2019ko hauteskundeetan alkatetza galdu zuen Jabier Ondarzak, eta hori berreskuratu asmoz, Muruetako Independiente Taldeko (MIT) alkategai modura aurkeztuko da berriro ere.
Dioenez, ordezkatzen duen auzotarren taldeak erabakita aurkeztu da alkategai. Udalerrian bizi duten egoera “hobetzea” du helburu, “bai barneko kontuetan, baita ere kanpokoetan, Muruetaren etorkizuna modu erabakigarrian baldintzatuko baitute”.
“Muruetak erabaki behar du zer motako herria izan gura duen”, dio Ondarzak. Horregatik, uste du “garrantzitsua” dela herritarrak entzutea, baita ere “elkarbizitzarako oinarriak sortzea, herritarrak batzeko eta ez zatitzeko”.
“Gure taldeak gobernatzeko beste modu bat defendatzen du, eta Murueta da lehena. Ez doa inoren kontra”.
Ondarzaren arabera, Muruetak bi gai “oso konplexu” ditu eskuartean, “arau subsidiarioen berrikuspena, hau da, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra eta Guggenheim proiektua”. Era berean, arreta eta konponbidea eskatzen duten “ahuleziak” ere badituela azaldu du, “etxebizitzan, azpiegituretan, udal ekipamenduetan zein gizarte mailan”.
“Ez dugu gura izan bakarrik lo egiteko den herri bat, ezta ere harreman sozial gutxiko herri bat. Beren herria ezagutzen duten herritarrak gura ditugu, elkarbizitzen dakitenek, iritziak ematen dituztenak eta herria zelan gura duten erabakitzen dutenak”, aipatu du alkategaiak.
MITen leloa da Lehenengo, Murueta: “Gure taldeak gobernatzeko beste modu bat defendatzen du, eta Murueta da lehena. Ez doa inoren kontra. Alderantziz, zenbat eta bizilagun gehiago izan, orduan eta hobeto batzen du taldea herri proiektu baten aurrean: batasunak egiten du indarra”.