Gernika Memoriaren Lekuko: "Palestina, gernikarrok sentitzen dugu zure mina"
Gernika Memoriaren Lekukok deituta, palestinarrek bizi duten errealitatea salatzeko eta eurei elkartasuna bidaltzeko elkarretaratzea egin zuten domekan [maiatzak 21] Gernika-Lumon: "Palestina, gernikarrok sentitzen dugu zure mina".
Duela 75 urte Israelgo estatua eraikitzeko eta hedatzeko asmoz indar sionistek palestinarren aurka abiatutako jazarpena plazaratzeko helburuz, 1948az geroztik, Nakba Eguna gogoratzen da maiatzaren 15ero. 800.000 palestinar inguru bortxaz kanporatuak izan ziren euren bizileku eta lurretatik, 400-600 herri suntsituz bidean. “Konfiskazioak, herrien izen aldaketak, ekosistemak aldatzeko landaketak… bide guztiak baliatu zituen sionismoak helburua betetzeko”.
Salatu zuten politika “anexionistari” eutsi diotela ordutik, “Palestinako herriari konponbide ezara kondenatuz”, eta gogoratu zuten 5.000 preso palestinar daudela gatibu Israeleko espetxeetan: “Horietako bat orain aste batzuk hil zen, 87 eguneko gose greba eta gero”. Gainera, orain arte “milaka eta milaka” familia “deserrotu” dituztela ere esan zuten: “Deserrotu diogu hori delako Israelgo estatuaren helburua: palestinarrak deserrotu eta desagerraraztea. Duela 2.000 urte inguru sustraiak bota zituen herria desagerraraztea da euren asmoa, eskubide edo mandatu biblikoa aitzakia gisa hartuta”.
Zisjordanian eta Gazan babes hartu zuten palestinarrek harresietan eta lubakietan dituztela begiak diote Gernika Memoriaren Lekuko plataformakoek, baita “Israelek inposatutako checkpoint amaigabeetan utzi dutela pazientzia” ere.
‘Gernikak Gazari’ 12 urte. Egoera honetan, 2011. urtean Euskal Herrian sustatu zen Gernikak Gazari ekimena gogora ekarri zuen Gernika Memoriaren plataformak, eta orduko berbek egunerokotasun bera izaten jarraitzen dutela salatu zuten.
Askatasunaren Ontzidia delakoak Gazara janariak eta botikak eramateko ekimena izan zen hura, eta, ontzietako batek Gernika izena zeraman idatzita. Gazan sartea debekatu zioten, jazarri egin zuten eta erreprimitu. Mezu hau zeraman ontziak: Israelgo hiritargoari zuzentzen gatzaizkio, ahots ozenez zuzendu ere. Halako gogo handiz itxaroten duzuen bakea eta ziurtasuna ez dizkizue besteak mendean hartzeak edota inoren lurraldeak zapaltzeak emango; aitzirik, gogor ekin behar diezue zuen agintairtzari, ez dezan populua bonbardatzen segi, palestinar herriaren eskubide zibil eta politikoak errespeta eta betearaz ditzan eta bere burua 1967az geroztik NBEk ebatzi dituztenen mende jar dezan. Gainera, palestinar herriak lurralde zehatz batean bere palestinar estatu independentea osatzeko duen eskubidea ere argi adierazita zegoen.
Israelek palestinarrei 2.000 urteko sustraiak moztu dizkiela salatu dute
Eskubidea du aitzaki Israelek, baina plataformakoek ez dakite benetako eskubideez ari diren: “Ez dakigu Gaza bonbaz jostea, Jerusalemen garbiketa etnikoa egitea, Zisjordaniako Hebron hiriaren erdian palestinarrak egunero metrailaz apuntatzen eta umiliatzen dituen kolonia israeldar bat sortzea, bertakoak izan arren umiliatzeko helburu bakarragaz checkpoint amaigabeak jartzea, palestinarren baratzeak izorratu eta olibondoak moztea, haurrak ikaratzea, odol isuria edonola justifikatzea eta ostean begiak ixtea eskubidea den”.
Israelek palestinarrei 2.000 urteko sustraiak mozten dizkiela salatu dute horrela: “Hurkoa bonbaz eta tiroz hil, haurrei etorkizuna kendu, herriari baliabideak lapurtu, egia zentsuratu eta okerrena, herriari sustraiak moztu. 1937ko apirilaren 26an guri moztu zizkiguten bezala”. Historia idatziz doazela diote, baina ez dakitela zer nolako tintaz idazten duten diote: “Azkar ahazten zaigulako. Zaielako. Gernikan historian zehar idatzitakoa irakurri nahi izan dugu eta hala egiten jarraituko dugu, ohe azpitik munstro gehiagorik atera ez dadin”.