Garoa Martinez bermeotarrak Espainiako Txapelketa irabazi eta errekorra berdindu du
Berea zen 112 kiloko errekorra berdindu du. Bermeotarrak dioenez, txapeldun izateko faboritoa zen, eta txapelketara sasoi betean ailegatu ez bada ere, egindako lanagaz eta lortutakoagaz "pozik" dago.
Ez da sasoi betean heldu, baina, beste garaipen garrantzitsu bat poltsikoratu du Garoa Martinez Anasagasti kirolari bermeotarrak. 112 kilo altxatuta, Espainiako txapeldun geratu, eta apirilean berak ezarritako errekorra berdindu zuen, domekan [maiatzak 21], Almerian. Iaz zilarrezko domina lortu zuen, eta lehenengoz orain dela bi urte urte irabazi zuen txapelketa.
Europako Halterofilia Txapelketatik bueltan, Unibertsitateen arteko Espainiako Txapelketan Munduko Txapelketarako gutxieneko marka lortu zuen apirilaren 23an, eta, ondoren, zenbait osasun arazo eduki zituen: “Astebete eta erdi txarto egon nintzen, nerbio-sistema kaltetuta, zorabioakaz eta goragaleagaz, entrenatu ezinik”. Horregatik, bi astez “ahal zuen moduan” entrenatu ostean, heldu da asteburuko hitzordura: “Berez, irabazi behar nuen, irabazteko moduan nagoelako, baina, aldi berean, ez nekien zelan irtengo zitzaidan, ez dudalako asko deskantsatu eta entrenatu, eta ezin nintzen ondo egon. Irabazi ahal nuela banekien, baina, denean huts egiteko aukera ere bazegoen, bi aurkariri pasatu zitzaien moduan”.
“Oso urduri” egon zen, Europako Txapelketan “baino gehiago”. Lanak ondo egin eta irabaztearen presioa sentitu zuen: “Txapelketa on bat egin behar nuela baino, nik irabaztea espero zen, hori lortu behar nuen, eta, uste dut horregatik oso urduri egon nintzela. Nigandik espero denagaz amaitu nahi nuen hiruhilabete hau, irabazita, alegia”.
Espainiako txapeldun izatea ez zen denboraldi hasierako helburuetako bat: “Denboraldiko helburuak Europako Txapelketa ona egitea, eta Munduko Txapelketara sailkatzea ziren. Txapelketan gauza asko gertatu litezke, baina, markak kontuan hartuta, ez dut aurkaririk eduki. Hori jakinda ere, ondo egon behar nintzen, eta ez nengoen ondo”. Baldintza onenetan heldu ez bada ere, egindakoagaz irabaztea lortzeagatik “pozik” dago.
“Txapelketan gauza asko gertatu litezke, baina, markak kontuan hartuta, ez dut aurkaririk eduki”
Oraindino ez dute Munduko Txapelketarako deialdirik egin, baina bertan egotea espero du, eta txapelketa horretara begira, bere asmoa da datozen lau hilabeteetan “lasai entrenatzea”, lehiatu barik.