Busturialdea Arraun Elkartea, urrats bat aurrera egiteko prest
Busturialdea Arraun Elkarteak aurtengo KAE1eko taldea aurkeztu du Mundakan. Oro har, aurtengo taldea iazkoa baino "lehiakorragoa" dela uste dutela esan dute.
2023ko KAE1eko denboraldiari “irrikaz” begiratzen diote Busturialdea Arraun Elkarteko kideek. Domekako [maiatzak 21] aurkezpenean “motibazioz gainezka” aurkeztu zuten eskualdeko arraunari “bestelako ikuspuntua” ematen dion proiektua: “Herritik eta herrirako sortuta dagoen eta, gainera, maila handia duen kirol egitasmoa da hau, harrobia eta elkarlana oinarri dituena; eskualdeko neska-mutil gaztetxoenek arraun egin gura baldin badute, geure ateak zabal-zabalik dituztela aldarrikatu gura dugu”.
Busturialdeak gorriak ikusi zituen iazko denboraldian KAE1 mailari eusteko; bidegabeko alineazio bat tarteko, azken unera arte mailari eutsi ahal izango zioten jakin ezinda ibili ziren, baina azkenean lortu zuten beren egitekoa. Aurtengo denboraldiari begira, lehen mailan lehiatzea “oso garrantzitsua” dela adierazi dute: “KAE2n 8-9 traineru baino ez dira egongo, eta maila hori apur bat apalduta geratu da. Horrenbestez, KAE1en lehiatzea motibazio gehigarria da bai arraunlarientzat eurentzat eta baita ere lan talde osoarentzat”.
Aurtengo denboraldirako osatu duten taldeari dagokionez, berritasunak edukiko dituzte. “Junior mailako lau arraunlari mailaz igoko ditugu; hori oso pozgarria da, Mundakako eta Elantxobeko klubetan maila egon badagoela frogatzen baitu. Oro har, iazko lantaldea baino lehiakorragoa dela uste dugu. Garrantzitsuena iazko akatsetatik ikastea da, eta aurten daukagun potentziala ahal bezain beste zukutzen saiatzea”.
Etxeko estropadak ekainaren 24an eta 25ean lehiatuko dituzte, hurrenez hurren, Elantxoben eta Mundakan
Hasieratik aditasunez. Ekainean hasiko dituzte lehiaketak. Hilaren 4an Lekeition egingo den Bizkaiko Txapelketan aterako dute azalera neguan egindako behar guztia. KAE1eko liga erregularra, ostera, ekainaren 17an ipiniko dute abian, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Etxeko estropadak ekainaren 24an eta 25ean jokatuko dituzte Elantxoben eta Mundakan, hurrenez hurren. Ligako azken estropada Bilbon lehiatuko dute, abuztuaren 20an, play-offak orduko.
Hain zuzen ere, aurtengo jomugetako bat sailkapeneko behe aldeko “arrisku gunetik” ahalik eta bizkorren ihes egitea izango da. “Hasieratik puntuak lortu beharko ditugu, horrek ekarriko lituzkeen onurekin: lasaitasunez lehiatzea, lantaldeko arraunlari denei konpetizio minutuak ematea, eta denboraldi amaieran, beharbada, igoerako play-offen lehian sartzea”. Horretarako, baina, “hasieratik aditasunez aritu beharko gara”.
“Bai fisikoki, bai elkarte legez, urrats bat aurrera egin dugu neguan, eta uretan urrats hori bistaratu gura dugu”
Prestakuntza aldetik ere, “serioago” hartu dute aurtengo denboraldia. “Iazko eskarmentuagaz, aurten modu antolatuagoan funtzionatuko dugula esango genuke. San Juan, San Pedro edota Arkote moduko talde sendoen kontra, ez da erraza izango, baina aurten prestatuago gaude. Bai fisikoki, bai elkarte legez, urrats bat aurrera egin dugu neguan, eta uretan urrats hori bistaratu gura dugu”.