Bisonteak zazpigarren sailkatu dira etxeko estropadan
Beteranoen La Salve Ligaren bigarren jardunaldia Badok 13 taldeak irabazi zuen zapatu arratsaldean [maiatzak 20], Mundakan, eta etxeko trainerua zazpigarren sailkatu zen.
11 minutu eta 4 segundogaz lortu zuten garaipena Zarautzeko arraun elkartekoek. 7 segundoko aldea atera zion Pontejos lehen jardunaldiko irabazleari, eta 11.17ko denboragaz Getxo izan zen hirugarrena. Mundakak, berriz, 11 minutu eta 42 segundotan amaitu zuen estropada. “Lehenengo domekan zortzigarren geratu ginen, eta oraingo estropadan zazpigarren, besteak hurre daude”, adierazi dute Mundakako Bisonteek.
Bi kaletan lehiatutako erlojupekoa izan zen, hau da, traineruak banan-banan irten beharrea, binaka atera ziren, bi kaletan, eta aurrekoan ez bezala, Izaro alderantz izan zuten estropada eremua. Aldaketa horregaz “pozik” geratu ziren taldeak.
Mundakarren berbetan, “giro polita” izan zen herrian: “Estropada arratsaldez izan zen, eta Bermeon Arrain Azoka egotea ere igarri zen, beste urteetan bezain beste jende ez zelako egon, baina, hala ere, giro polita eduki genuen. Hainbeste jende egon ez arren, jendea ibili zen, eta Mundakatik denak pozik joan ziren”. Itsasoko baldintza txarren beldur ziren, baina eguraldia ere lagun izan zuten: “Iragarpenek zioten eguraldi txarra edukiko genuela, eta ikara apur bat eduki genuen”. Amaieran, ohitura duten legez, zerbait jateko batu ziren; Bermeoko kontserberei eskerrak eman dizkiete, estropada osteko mokadutxoa antolatzeko laguntza eskaintzeagatik: “Estropada amaitu ostean, mokadutxoa edukitzen dugu beti, eta klubaren aurrean egin ahal izan genuen. Gure diruagaz egiten dugu, ez dugu klubetik ordaintzen, eta asko eskertzen dugu kontserberen laguntza. Jendea oso pozik joan zen bertoko produktukien”.
Hiru hilabete. Maiatzaren bigarren asteburuan hasi zuten liga, eta uztailaren azkenengo asteburuan Getxon amaituko dute. Ligako hirugarren jardunaldian, Erandion ariko dira asteburu honetan. Aizburuko Beteranoen I. Estropada izango da jokoan.
Ligaren 3. jardunaldian, Aizburuko Beteranoen I. Estropada lehiatuko dute asteburu honetan
Liga hasi besterik ez dute egin, eta Mundakako Bisonteek “hoberantz” joateko esperantza daukate: “Liga luzea da, eta estropada asko dira, ikusiko dugu ea zelan goazen. Lehia oso gogor, indartsu dagoela ikusi dugu. Gogoa badaukagu, baina errealitatearen jakitun izan, eta non gauden argi eduki behar dugu”. Badok, Pontejos, Fortuna eta Getxo dira “faboritoak”, eta lehia “estua” espero dute ligan. Mundakarentzat, ostera, batik bat Bilboko eta Plentziako traineruak dira “aurkari zuzenak”.
Ekainaren lehenengo asteburuan Bizkaiko Txapelketa jokatuko dute Lekeition, eta bertara sasoian heldu gura dute, “Getxogaz borrokatzeko” moduan, lehia horretan egotea baita euren asmoa: “Taldea sortu genuenean, kirol apur bat egiteko eta gozatzeko ideiagaz hasi ginen, eta ahalik eta ondoen egitea eta disfrutatzea da gure helburua. Denok gura izaten dugu irabazi beti, baina, aurten, estropada bat irabaztea oso zaila da, agian, iaz errazagoa zen”.
Traineruak “gero eta gogorrago” daude, “indartsuago”, eta gero eta gehiago dira arraunlari beteranoak. Esate baterako, aurten, “gonbidatu moduan” bi traineru gehiago daude: “Oraindino ez daude liga lehiatzen, bi urte egin behar dituzte gonbidatu moduan, eta gero sartuko dira lehian. Uste dugu gero eta jende gehiago animatuko dela, eta gutxi-gutxika gero eta klub gehiago egongo direla”.
SAILKAPENA:
- 1.- Badok-13: 11.04
- 2.- Pontejos: 11.11
- 3.- Getxo: 11.17
- 4.- Fortuna: 11.18
- 5.- Bilbao: 11.33
- 6.- Plentzia: 11.36
- 7.- Mundaka: 11.42
- 8.- Iberia: 12.07
- 9.- Zumaia: 12.22
- 10.- Sestao: 12.54
- 11.- Ibaialde: 13.17
ARGAZKIAK: MUNDAKA ARRAUN TALDEA