Muxikako Udalak udalerriko gorabeherei buruzko jakinarazpenak jasotzeko zerbitzu berria ezarri du
Linea berdeak telefono bidezko komunikazio bide zuzena zabalduko du herritarren eta udalaren artean.
Udalerriko gorabeheren jakinarazpenak aplikazio bidez jasotzeko eta egiteko zerbitzu berria ezarri du Muxikako Udalak: Linea berdea.
Linea horrek telefono bidezko komunikazio bide zuzena zabalduko du herritarren eta udalaren artean. Hala, besteren artean, hiri ekipamenduan ikusitako kalteen berri “zuzenean” emateko aukera izango dute herritarrek, baita diru laguntzen berri edukitzeko edota antolatutako ekimenenak zabaltzeko ere.
Zerbitzu hau martxan jarrita, udalak herritarren parte hartzea sustatu eta erraztu gura du, eta jasotako arazoei irtenbidea “hainbat eta lasterren” ematen saiatuko dela adierazi du.
Jakinarazpenak jasotzeko interesa dutenek, Linea Verde izeneko aplikazioa deskargatu beharko dute; horretarako, mugikorretan ohikoak diren bideak erabili beharko dituzte: Google Play Androiden kasuan eta App Store iOSaren kasuan. Doako aplikazioa da, eta dagoeneko erabilgarri dago.
Ekimenei buruzko informazioa zabaltzeko ere balio du aplikazioak
“Sumatzen ditugun arazoak jakinarazteko, ‘gertaera berria’ izeneko botoia erabili beharko dute herritarrek, eta bertan agertzen diren pausoei jarraituz, zein arazo edo gorabehera mota jakinarazi gura duten zehaztu beharko dute. Mugikorra bera da azaldu dugun arazoaren jazoera lekuan kokatuko duena, baina argazkia eta ikusitakoari buruzko oharra igo beharko dira. Ondoren, jakinarazpena bidaliko da, eta udaleko langileek jasoko dute”, azaldu dute udal ordezkariek. Gaineratu dute arazoaren egoera aldatuz gero, herritarrei esango dietela zelan konpondu den edo konpontzeko bidean den.
Era berean, aplikazio honi esker, ingurumen arazoei buruzko edozein kontsulta egin ahal izango dute herritarrek: “Horretarako, ‘kontsulta berria’ atala erabili beharko dute, eta 24 orduko epean erantzungo die aditu talde batek”. Gainera, aplikazio hau komunikazioak zabaltzeko ere erabili ahalko da. Horri esker, herritarrek momentuan bertan jasoko dute informazioa, eta kontsultak ere egin ahal izango dituzte.
Herritarren parte hartzea bultzatzea du helburu udalak
Zehaztu dutenez, telefono deiak egiteko zerbitzua ere eskaintzen du aplikazioak, baina hori ez da doakoa: 902 19 37 68 da zenbakia, eta 08:00etatik 17:00etara bitartean deitu ahalko da.
Muxikako Udalak udalerria osatzen duten hiru herrietako bizilagunak animatu gura ditu aplikazioa erabiltzera, “beste pauso bat gehiago” delako herritarren parte hartzea sustatzeko helburuan: “Gizarte ongizatean lagunduko duela uste dugu”.