Gogo berriak eta esperientzia uztartuta, pauso berriak emateko asmoz aurkeztu da Eako EH Bildu
Herritarrakaz alkartuta, "adostasunetara heltzen" segitu gura du Eako EH Bilduk. "Gehiago entzutearen, hobeto erantzutearen eta erabakiak denen artean hartzearen" garrantzia azpimarratu dute.
Zortzi urtez Eako alkate izan den Iratxe Arriola Alzolaren erreleboa hartzeko gogoz dator Francis Ziloniz Uskola Eako EH Bilduren alkategaia. Udalerriko auzo guztiak kontutan hartuta osatu dute taldea, gogo berriak eta udalean lan egindakoen esperientzia uztartuta, “herriarentzat lan polita aurrera ateratzeko” aurkeztu dira. Parte hartzea “herria egiteko tresna” legez ulertzen dute: “Erabaki handi zein txikiak hartzeko orduan, herritarrak parte izan daitezen nahi eta behar dugu. Gai nagusiak arloka eta taldeetan banatzea da gure asmoa, herritarrei iritzia eman eta eztabaidatzeko guneak eskaintzeko”.
Herri programa atzo eguerdian [maiatzak 21] aurkeztu zuten. Hurrengo agintaldian “pauso berriak” emateko asmoz daude, eta herritarren bizitzak “hobetzeko” 21 proiektu zehatz dauzkate. Besteak beste, garraioa, Bedaronako eta Natxituko azpiegiturak eta Angelutxuko saneamendua hobetu, eta herrian kutxazain automatikoa berrezarri gura dituzte, bai eta etxebizitza politika indartu, zahartze aktiboa bultzatu, energia-sistema jasangarri eta burujabearen alde lan egin eta baso politika iraunkorra bultzatu ere.
Orain arte modura, zubigintzan ekiten jarraitu gura dute, herri legez lan egiten: “Ea herri txikia da, baina askoz handiagoa izan daiteke herri legez lan egiten badu, epe luzerako helburu handien eta epe laburrerako arazo praktikoen arteko zubia zelan eraiki asmatzen badu. Gure herriak asmatu izan du, eta asmatuko du aurrerantzean ere. Horixe da EH Bildu moduan eskaintzen duguna: zubigintza horretan ekitea”.
Eako EH Bilduren zerrenda:
- 1.- Francis Ziloniz Uskola
- 2.- Batirtze Lejardi Uriarte
- 3.- Kepa Lopez de Abetxuko Larrinaga
- 4.- Leire Ortega Fundazuri
- 5.- Aitor Garitaonandia Bilbao
- 6.- Iratxe Arriola Alzola
- 7.- Ernesto Ardanza Olaetxea
- 8.- Garbiñe Malaxetxebarria Lejardi
- 9.- Ernesto Ramirez Lahuerta
- 10.- Asun Totorikaguena Imaz