Elkarrekin eta auzoz auzo "herri bizia eta jasangarria" eraikitzeko apustua egin du Armenduk
“Herria egiten jarraitzeko eta herrirako egiteko” aurkeztu da Armendu Taldea. Herritarren iritziak entzun eta gero, lanean jarraitzeko “konpromisoa” mantentzen dutela azpimarratu dute, ibarrangelutarren bizitza “hobetzeko” eta auzoz auzo herri “jasangarria eta bizia” eraikitzeko, elkarrekin.
Hautagaitza sentsibilitate ezberdinetako auzotarrez osatuta dago, baina denak ere, herriko “dinamika sozial eta kulturaletan lanean etengabe eskarmentua” daukate: “Ekipo bat gara, taldean lan egiten dogun herriko jendea”.
Herri Kandidaturaren ardatz nagusiak dira politika sozial sendoak indartzea, herritarrei laguntzeko euren ondoan egotea eta kudeaketa parte-hartzailea eta gardena. “Udalerrian proiektu asko daude egiteko: energia kontuak eta komunitate energetikoen sorrera, azpiegiturazkoak, zerbitzuzkoak eta sozialak dira horren adibide, baina, guk beti esaten dugu gure proiektua jendea dela. Alkatea eta zinegotziok herriaren zerbitzura egotea; eurentzako eta eurekin batera lan egitea”, adierazi dute.