Jende ugari bildu du Arrain Azokako egun nagusiak
Zuzeneko musika eta aurtengo eskaintza nagusia, gastronomia, izan dira nagusi.
Bermeoko 29. Arrain Azokako laugarren jardunaldia ospatzen ari dira gaur [maiatzak 20]. Azokako egun nagusia da, eta 11:00etatik 20:00etara bitarteko egitarau zabalaz gozatzeko aukera paregabea dute bermeotarrek zein bertaratuek. Goizeko lehen unetik, mugimendu nabaritu da Bermeoko hainbat eremutan. Portu inguruan, Ortube itsasontzi berritura bisita gidatua egin dute, eta baita herriko Nautika eta Arrantza Eskolara ere. Edozelan ere, Hurre-Hurre eta Adiskide lagunarteek antolatutako danborradak iratzarri du, behin betiko, herria. Danbor hotsez eta musika bandak lagunduta aritu dira kalez kale; zenbait eremutan, Arrantzaleeen Museo parean kasurako, indarrak berrreskuratzeko geldialdia ere egin dute. Era berean, kale batzuetan KIETB taldearen erraldoi txikien desfileagaz topo egin dute, jai giroa biderkatuz.
Azokako postuek beren ateak 11:00etan zabaldu arren, 10:45ean jadanik jendea esperoan egon da. Aurten, gainera, 11:00etatik 20:00etara eten barik zabaldik eduki dituzte postuak, eta beste urte batzuetan baino janari gehiago prestatu dute momentuan. Salmentak “ederto” joan direla azaldu dute kontserba etxeetako postuetako langileek. Campos etxeko arduradunek azaldu dute jendeak gehien erosi duena eskabetxetan ipinitako hegaluzea izan dela. “Atzo asko saldu baldin baziren, gaur are gehiago; hegaz egin dute”.
Arroyabeko beharginek ere parekoa argitu dute: “Jendeari hegaluze pintxoak izugarri deitzen diote arreta; gainera, azokan bertan jan-edanean aritzeko hainbat gune egoteak ere pila bat laguntzen du. Oro har, bisitatu gaituztenek pintxoetan probatu dituzten produktuak erosi dizkigute”. Goiz osoan zehar jo eta su ibili dira, bestalde, Etxeko Makailoa postukoak: “Geure eskaintza ez da beste postu batzuetakoa bezain zabala, baina jendeak badaki inguruko piperrik eta makailorik onena erosteko aukera duela, eta horixe izan da, hain zuzen ere, gaur gehien saldu duguna”. Postuez gain, arraina, gazta eta bestelako produktuak ardoagaz ezkontzeko berbaldia ere egon da eguerdian, Lameran kokatutako karpan.
Egun osoko egitaraua. Jai giroak arratsaldean eta iluntzean ez dute etenik izango: 20:00etan, habanera kantaldia egongo da pilotalekuan; Lameran, aldiz, Josepa Kale-Kale taldeak abesten ipiniko ditu herritarrak. Domekan, azokako azkenengo egunean, besteren artean, Batelen III. Estropadak eta Erroxapeko martxak osatuko dute egitaraua.