Itsas aldagaiak, lurrean bertan
Bermeoko Nautika eta Arrantza Eskolakoek bisita gidatua egingo dute bihar, Arrain Azokaren egitarau barruan, nabigaziorako simulatzaileak eta instalazioak erakusteko. Korapiloak egiteko tailerra ere egingo dute.
Itsasoko nabigazioak beregain dituen aldagaiak asko dira. Mundu horri buruzkoak bertatik bertara ezagutzen dituzten Bermeoko Nautika eta Arrantza Eskolako irakasleek diote “hamaika” direla itsasoratzean buruan izan beharreko alderdiak: “Errepideko araudia dagoen legez, itsasoan ere ikasi beharreko arauak daude”.
Itsasontzi bat gobernatzearen sentsazioa lurrera eroan asmoz, nabizazio simulatzaileak erabiltzen dituzte hainbat mailatako ikasleekin, 2021az geroztik. Itsasbide karten “ordezko digitalizatuak” direla argitu dute. Simulatzaileen kontrol postutik ontziaren zubitik ikusi daitekeena ahalik eta modurik errealenean bistaratzen da; 360 graduko ikuspegia dauka, ontziarekiko “parekotasun maila handiagaz”.
Gaur-gaurkoz, eskolan dituzten simulatzaileak nabigaziorako eta maniobretarako baliatzen dituzte, baina beraien jomuga da etorkizunera begira arrantzara bideratutakoa ere edukitzea, “horretarako nahitaezkoak diren diru laguntzak noizbait ailegatzen badira”. Izan ere, eskolako bi nabigazio simulatzaileetako bakoitzak 50.000 eurotik gorako prezioa du; horiez gain, komunikazioa lantzeko GMDSS konputagailuak ere badituzte.
Ziklo ezberdinetako ikasleek erabiltzen dute, hainbat ikasturtetan, nabizazio simulatzailea. Gainera, eskolak Arrantza Kapitain titulazioa kaleratu berri du eta, horrenbestez, itsasoan praktikaldia egin ondoren ere, jendea pantaila aurrera itzuli ohi da, goi mailako ikasketa horiek prestatzeko.
Hainbat mailatako ikasleek praktikak eta azterketak egiten dituzte makinokin
Oinarri teorikoaren pisua. Eskolako irakasleek, dena dela, argi daukate simulatzailea erabiltzen hasi orduko, nahitaezkoa dela oinarri teorikoa ahal bezainbeste lantzea. “Benetan garrantzitsua da oinarri hori oso barneratuta edukitzea. Itsasoan eta benetako ontzi batean erabaki bizkorrak eta zuzenak eskatzen dituzten denetariko egoerak suertatu daitezke, eta horien aurrean bizkortasunez zelan jokatu jakin beharra dago; bat-batekotasun eta egokitzapen hori teoriak ematen du. Teoria hori guztiori, baina, simulatzaileen bidez landu daiteke; hain zuzen ere, makinokin azterketak ere egin daitezke”.
Izan ere, simulatzaileari parametroak sartzea nahikoa da hark ikaslearentzako azterketa diseinatu dezan; azterketa horretan ez dago subjektibotasunerako tarterik, ondo ala txarto baino ezin daiteke egin eta. Nolanahi ere, makinak gorde egiten ditu ikasleak egindako jarduera praktiko denak, eta horrek “aztarna asko” ematen ditu: “Adibidez, ikasle batek jarduerak ondo egin baldin baditu eta azterketan kale egin badu, urduri zegoela erakusten du; zentzu horretan, makinaren memoriako ariketa bilduma eskuragarri dugu, azterketakoa egun txar bat besterik izan ez zela egiaztatzeko”.
Nabigaziorako simulatzaileez gain, arrantzarakoa lortzea dute helmuga
Hori bai, aurreratu dute egun txarrik onartzen ez duen bakarra “itsasoa bera” dela. Ikasle bat, simulatzaileagaz gogotik behar egin ostean, itsasoan lasai asko ibili ahalko litzatekeen galdetuta, erantzun argia dute: “Itsasoa lasaitasunerako tarterik uzten ez duen ingurua da. Ontzia gobernatzea bera, beharbada, lortu ahalko lukete, kankinkabaran bada ere. Baina, dena dela, itsasoan beti dago alarma egoeran edo, behintzat, adi egoteko arrazoiren bat edo beste”.
Eskolan egiten den beharra, argitu dutenez, “oso handia” da; hori jendaurrean plazaratzeko bisita gidatua egingo dute, beste urte batez, Bermeoko Arrain Azokaren egitarauaren barruan. Bihar izango da, 10:00etatik 13:00etara bitartean, doako sarreragaz. Bertan, eskolako instalazioak zein funtzionamendua erakusteaz gain, bisitariek nabigazio simulatzaileak bertatik bertara ezagutu ahalko dituzte, gainontzeko materialaz gain.
Sarritan egin dituzte bisitak, eta herritarrek “interes eta kuriositate handiz” hartu izan dituztela argitu dute: “Bermeo itsasoagaz modu oso estuan lotuta dagoen udalerria da eta, gainera, Arrain Azokakoa moduko egitarau berezian sartuta, Nautika eta Arrantza Eskola bisitatzeko moduko espazioa da”.
Bisitan, beste alde batetik, itsas munduagaz zelanbait lotuta dagoen beste ikuspuntu bat ere landuko dute: korapiloak zelan egin irakatsiko dute. “Jendeari arreta deitzen dio, bereziki, gaztetxoenei. Beren eskuekin egiten duten zerbait da; gustuko izaten dute”.