"XXI. mendeko eskolako erronkei erantzuna ematen gabiltza"
San Frantzisko Herri Ikastetxeak Hegaluze Saria jasoko du Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldiaren baitan; egungo zuzendariak, ikasle batek eta guraso batek hartuko dute saria.
San Frantzisko Herri Ikastexeak 50 urte beteko ditu aurten, eta herritarrek erabaki dute aurtengo Hegaluze Saria eurentzako izatea. 1973-74 ikasturtea gaur egun Atalde kalean kokatuta dagoen zentro horretan ematen hasi ziren, inaugurazio ofiziala, hala ere, 1974an egin zuten. Bermeoko eskola publikoaren ibilbidea, baina, askoz ere luzeagoa dela gogorarazi dute San Frantzisko Herri Ikastxeko zuzendari ohi Cesar Martinez Iturraldek eta gaur egungo zuzendari Amaia Abaroa Imatzek.
Herritarrek ematen duten Hegaluze Saria jasoko duzue. Ilusioa ematen al du?
Amaia Abaroa: Ilusioa handia egin digu sariak, ez genuen espero. Horrelako aintzatespena bertotik igaro diren guztientzako aitortza da, eta gaur egun gaudenontzako lagungarria ere bada, lanean jarraitzeko indarra ematen baitu, batzuetan mota horretako bultzadatxoak garrantzitsuak izaten dira. Ni neu bertoko ikaslea ere izan naiz, eta eskola publikoarekiko daukadan atxikimendua handia da, horregatik ilusio berezia ematen du.
Cesar Martinez: Egindako lanari aintzatespena da. Zer edo zer ondo egin dugunaren seinale ere badela esango nuke. Nik, orain, kanpotik, desberdin ikusten dut, eskola publikoa bihotzean daramat, gainera. Amaia eta biok, gainera, ideia berekoak gara: herri bat ez da herria eskola publikorik barik. Herri batek eskola publiko bat, taberna bat eta iturri bat eduki behar ditu bizitza egoteko. Garai batean, auzuneetako eskola publiko asko egon ziren Bermeon. Eraikin hau egin baino lehen, San Frantzisko elizaren ondoan egon zen eskola publikoa, izen beragaz.
Urte hauetan guztietan jende asko igaro da eskola publiko honetatik. Nork edo nortzuk jasoko dute gaur saria?
A. A.: Ni neu egongo naiz gaur egungo zuzendari modura, guraso bat egongo da eta baita ere, eskolako ikasleren bat. Ikasleen artean zozketa egingo dugu, eta gurasoa, herri ikastetxe honetan ibilbide luzea daukan baten bat izango da.
Oinarria gure arteko elkarlana da, eta komunitateko partaideen arteko harremana.
Berbaldia nondik joango da?
A. A.: Eskola publikoa goraipatzeko unea izango da, Cesarrek esandakoaren ildotik jarraituta, eskola publikorik ez dagoen herri batean zer edo zer falta dela adierazteko tartea hartuko dugu. Oraindik ez dut berbaldia ondo pentsatu, baina eskola publikoaren balioak azpimarratzeko erabiliko dut gaurko berbaldia.
Euskalduna, berritzailea, eleanitza, inklusiboa eta publikoa den heinean, konpentsatzailea eta ideologikoki anitza da San Frantzisko Herri Ikastetxea. Saria ematearen arrazoietako bat hori izan da. Hori guztia lortu aldera, zelan lan egiten duzue herri ikastetxean?
A. A.: Eskola honetan proiektu globala daukagu, eta horregaz XXI. mendeko eskolako erronkei erantzuna ematen gabiltza. Oinarria gure arteko elkarlana da, eta komunitateko partaideen arteko harremana. Era berean, eskola publikoak une sozial desberdinei erantzuteko beharra dauka, eta ez da berdina duela 50 urteko eskola publikoa edo gaur egungoa. Gure herrian egitura desberdinetako familiak eta taldeak daude, maila sozioekonomiko desberdinetakoak, gainera. Horri guztiari eskola publikoak erantzun egoki bat eman behar dio, betiere, gure proiektu globalean oinarrituta.
Lantaldean lan egiten dugu beti, eta egunez egun egin beharreko egokitzapenak ere lantaldean hartzen ditugu, astero batzen gara erabakiak hartzeko.
Zeintzuk dira San Frantzisko Herri Ikastetxearen indarguneak?
A. A.: Proiektu global honek proiektu barruan lan egiteko antolamendu egitura zehatzak ditu. Globaltasunetik abiatuta, egiturak garatzen ditugu, eta eremu guztiak bilduz, komunitate osoak parte hartzen du. Lantaldean lan egiten dugu beti, eta egunez egun egin beharreko egokitzapenak ere lantaldean hartzen ditugu. Astero batzen gara erabakiak hartzeko.
50 urte hauetan zein izan da eskola publikoak bizi izan duen aldaketarik nabarmenena?
C. M.: Lehen, irakasle bakoitzak egiten zuen gela barruan berak pentsatzen zuena; irakasle bakoitza bere kabuz ibiltzen zen. Agian, ez zuen zerikusirik edukiko ondoko irakasleak egiten zuenagaz. 1995-96 urten artean erabaki genuen ezin genuela horrela jarraitu, lotura bat behar genuela, maila desberdinetan. Metodologia desberdinak aztertu genituen, eta oraindik gaur egunean gure eskola publikoak darabilen Amara Berrigaz hasi ginen. Euskalduna, berritzailea, eleanitza, inklusiboa… izateagatik saria eman digute, eta Amara Berrik ardatz horiek guztiak barnebiltzen ditu. Horregatik hasi ginen metodologia horregaz. Amara Berriren gauza on bat da sarean lan egiten duela, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako eskolak batuta. Aldaketa handia izan zen, bat-batean liburuak albo batera geratu ziren, ikasleak nahastu genituen, gelaren egiturak aldatu ziren… Metodologia honegaz, ikasleek egiten duten guztia zertarako bat dauka atzetik, eta motibazioan lagundu egiten du horrek.
A. A.: Asko laguntzen du sarean lan egiteak. Hilero biltzen gara sareko zuzendariok. Kanpora begira sarean lan egiten dugu, eta barruran egiturak ditugu koordinatzeko, bertikalean zein horizontalean. Horrek guztiak asko laguntzen du egunerokotasunean. Irakasleentzako nahikoa lan suposatzen du, ez da testu liburu bat zabaltzea, ez daukagu testu libururik. Lan egiteko modua desberdina da, txokoka lan egiten dugu. Eta, bi mailatako ikasleak nahasten dira. Era berean, behin metodologia barneratuta daukazunean, atsegingarria ere bada. Euskal Herrian hemeretzi ikastetxe gaude sarean, eta Euskal Herritik kanpo zabaltzen ari da; Kanariar uharteetatik eta Herrialde Katalanetatik interesa agertzen ari dira.
Badaukazue 50.urteurrena ospatzeko asmorik?
A. A.: Hegaluze Saria 50. urteurreneko ospakizunen hasiera izango da. Maiatzaren 26an eskolako eguna ospatuko dugu, eta aipamen berezia egingo dugu. Ospakizunak, hala eta guztiz ere, datorren ikasturtean egingo ditugu. Ekintza desberdinak pentsatzen ari gara, eta horietako bat da herri eskolako bazkaria egitearena, orain arte inoiz egin ez dena. Ikasle ohi asko eskatzen ari diren gauza bat da, eta data berezia dela uste dugu. Bestetik, hitzaldiak ere egin gura ditugu, gaur egun gizartean ezagunak diren Bermeoko eskola publikoko ikasle ohiekin. Herrira begira ere, agian, zer edo zer egin dezakegu. Ideiak badauzkagu, baina data zehatzik oraindik ez dago jarrita.