Tradizioa eta berrikuntza batzen dituen esperientzia gastronomikoa
29. Arrain Azokak bisitariei "esperientzia gastronomikoa" eskaintzea du helburu. Ordutegi jarraitua edukiko du arrantza sektorearen erakusleiho zabalak. Salmahaietako pintxoez gain, azoka eremuan parrillan egindako atun errea eskainiko dute aurten.
Ikusi, erosi eta dastatu. Eskaintza horregaz dator 29. Arrain Azoka. Gastronomiari “aparteko garrantzia” emango zaio aurten, eta eskaintzen diren produktuak azokan bertan dastatzea “are gehiago” bultzatu gura dute. Izan ere, Arrain Azoka Elkarteko arduradunek esan bezala, arrantzaleak itsasoratzeko “arrazoi nagusia da platerera kalitate hobereneko produktuak ekartzea”. Gainera, kontserberek ere helburu bera daukate, “lehen mailako arrain kontserbak etxeetako mahaietara eramatea”.
Hortaz, Arrain Azokak, besteren artean, Bermeoko izaerari, tradizioari, nortasunari eta produktuei balioa eman, eta herritarrei gastronomiaren inguruan antolatutako hainbat jardueraz gozatzeko aukera eskaini nahi die, “arrainaz bereziki”, bihartik domekara bitartean (maiatzaren 19tik 21era) .
Tokiko ekoizleak dira, tokiko produktuak daude eta “sektorean ondo behar egiten dena” ezagutarazteko erakusleihoa da, eta hori kontsumitzaileentzat “berme bat” da: “Hori oso agerian geratzen da azokan, enpresen produktu ezin hobeak zein egiten duten lana ikusten dutelako bertaratzen direnek”.
Hogei postu egongo dira, elikagai asko eta askotarikoez beteta, eta hurreratzeko, erosteko eta dastatzeko gonbidapena luzatu dute. “Alde batetik, orokorrean, arrain kontserbak izango dira eta, beste alde batetik, bakailaoa, ketuak, enpanadak… Arrainak ematen dituen aukerak azokan ikusgarri egoten saiatzen dira”, azaldu dute antolatzaileek.
Azokak ordutegi jarraitua daukala da aurtengo nobedade nagusietako bat. Gaur eta bihar 11:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta, domekan, 15:00etan zarratu beharrean, 16:00ak arte luzatuko da, “eguraldiak laguntzen badu”.
Betiko moduan, Lameran egongo dira salmahaiak, baina kokapenean “aldaketa txiki bat” egitea erabaki dute, ekoizleentzat zein bertara doazen herritarentzat “erosoagoa” izan dadin eta baita ere azoka bera “txukuntzeko”.
Produktuak dastatzeko bi gune egongo dira –aurrekoetan bakarra izaten zen–: “Esparrua txukundu egin dugu, bai erakusleentzat bai bisitarientzat erosoagoa izateko. Eta jendeak pintxoak jateko bi gune egokituko dira. Aurten postu gehiago izango dira euren produktuak pintxo bidez eskainiko dituztenak, eta beraz, eguerdian, bertan jaten geratu gura duenak aukera edukiko du. Eguna pasatzera datozenei eguerdian ere bertako produktuak dastatzeko aukera eman gura izan diegu”. Gainera, zehaztu dutenez, azken urteetan erakusleek eurek ere eskatu diete “ordutegia moldatzea”.
Azoka eremuan pintxoak dastatzeko bi gune egokituko dituzte aurten
Gune solidarioa
Eskariak aipatuta, azoka eremuan parrillan egindako atun errea eskaintzea ere aspalditik izan da herritarren guraria eta, oraingoan, eskaintza hori izango da: “Eskaera historikoa da”.
Era berean, Arrantzaleen kofradi zaharreko Gune Solidarioan marmitakoa eta atun errea prestatuko dituzte. Bildutako dirua osasun sistema publikoak ordaintzen ez dituen 6 eta 12 urte bitarteko umeen tratamenduak ordaintzera bideratuko dute. Iazkoa baino ordutegi zabalagoa edukiko du: gaur eta bihar 11:00etatik 21:00etara eta etzi 11:00etatik 15:00etara. Bertan, jateko ezeze, eroateko aukera ere egongo da –bakoitzak etxetik eroan beharko du ontzia–.
Bestalde, Lamerako karpa nagusiko Gastronomia Gunean txartel bidez bideratuko dute jardueretarako sarrera. Beraz, ekintzak hasi aurretik karpan bertan edo Urremendiren postuan lortu ahalko dira txartelak.
Esan modura, jendearentzat azokara hurreratzea esperientzia gastronomikoa izatea da antolatzaileen asmoa: “Hasieratik hona salmentak asko aldatu dira, eta urteak pasatu ahala, salmenta puntu gehiago daude. Horregatik, azoka salmenta puntu bat bada ere, saiatu gara azokara datozenentzat esperientzia gastronomiko bat izatea bera ere; ez bakarrik erostea, baizik eta bertoko produktuen dastaketak egitea. Horrela, produktu bakoitzak zelako ezaugarriak dituen jakinda, erosteko ere irizpide gehiago eduki ditzakete, eta, era berean, merkatuan dagoena ezagutu. Esate baterako, batzuk hutsean ontziratzen hasi dira edota beste formatu batzutan eskaintzen. Latetan edo poteetan erostera ohituta dago jendea, eta erosterakoan, agian, ez daki beste aukera batzuk ere badaudela; azokan, bakoitzaren formatu edo aukera desberdinak ikusteko aukera dago”.
Diotenez, erosleentzat “produktu berriak zein betiko produktuak” izaten dira erakargarriak. “Azken batean, produktu tradizionala da gure ikurra; gauzak ondo egitea eta kalitate onekoak”. Azokara doazenek hori topatzen dute. Jendeak betiko produktuak erosten ditu, eta baita aurretik ezagutzen ez zituenak ere: “Etorkizunerako beste salmenta mota batzuk bideratzeko aukera bat ere bada azoka. Esate baterako, hutsean ontziratuta ikusten badut, urtean erosteko aukera hori ere badaukadala jakingo dut”.
Kontserbagileetara bisita gidatuak, tailerrak, umeentzako Showcooking-a, Ortube itsasontzira bisitak, hitzaldiak, danborrada, dantzak, musika, pilota partiduak, batel estropadak… beste behin, eskaintza zabala topatuko dute egunotan azokara doazenek.