Osakidetzan lehen greba egunaren eragina "oso zabala" izan dela diote sindikatuek
Jarraipen zabalena lehen arretan izan dela azpimarratu dute greba deitu duten sindikatuek. Bihar eguerdian ere manifestazioetan aterako dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
ELA, Satse, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, gaur eta bihar [maiatzak 18 eta 19] greba egunak dituzte Osakidetzako sare guztiko langileek. Hain zuzen, arreta maila guztietako Osakidetzako zentroetako langile guztiak daude grebara deituta, 42.300 bat profesional. Sindikatuek esan dute “%50era iritsi dela grebarekin bat egin dezaketen langileen artean”. Eusko Jaurlaritzaren arabera, ostera, eragina % 9,9 izan da (Gipuzkoan % 10,6, Bizkaian % 9,9 eta Araban % 8,3).
Sindikatuen arabera, lehen greba egunean goizeko txandan “jarraipena zabala” egin da, “batez ere lehen arretan”, eta, “beste behin, gehiegizko zerbitzu minimoak inposatu” izana leporatu diote Eusko Jaurlaritzari. Mobilizazioetan Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren dimisioa eskatu dute.
Lanuztearekin batera, Osakidetza salba dezagun lelopean manifestazioetan atera dira gaur hiriburuetan, eta elkarretaratzeetan batu dira zenbat herri eta hiritako osasun-zentroetan. Hain zuzen, Mundakako EH Bilduk ere eguerdian udalerriko mediku kontsultategian batzeko deia egin du. Bihar [maiatzak 19] ere 12:00etan Bilbon (Jesusen Bihotzetik aterata), Donostian (Boulevard) eta Gasteizen (Buruileria plaza) egingo dituzte manifestazioak.
Lan taldea “nekatuta eta erreta” dagoela adierazi dute gaur ere sindikatuen ordezkariek. Esther Saavedra ELAko ordezkariaren berbetan, “Osakidetzak langileak aldentzen ditu lan baldintza prekarioengatik”. Saavedrak esan du gero eta handiagoa dela Osasun Sailak osasungintza pribatura eta azpikontratetara bideratzen duen diru kopurua. LAB sindikatuko Jessica Gondrak azpimarratu du osasun sistema publikoaren defentsan borrokan jarraituko dutela, “estrategia pribatizatzailea eta lehen arretaren desegitea” gelditzeko.
Sindikatuen berbetan, Osasun Sailak ez du “neurri bakar bat ere proposatu” plantillaren lan baldintzak hobetzeko, eta egoera gero eta prekarioagoa da. Gogoratu dute Mahai Sektorialak “erabat blokeatuta jarraitzen” duela.
Sindikatuek Osasun Sailari leporatu diote lan baldintzak hobetzeko neurririk ez proposatzea
Gutxieneko zerbitzuei dagokienez, ospitaleetan jaiegunetako langileen kopuru bera egongo da larrialdietan, sukaldean eta janari banaketan. Zerbitzu horiek mantentzeko, derrigorrezko garbiketa egin beharko dute, eta ingresatuta dauden pertsonei “arreta egokia” emateko adina langile aritu beharko dira. Altak eman ahalko dira, eta mantendu egingo dituzte dialisi, onkologia eta atzeratu ezin diren tratamenduak.
Lehen Arretan, berriz, zapatuetako langile-kopurua dago; PAC eta larrialdietarako zerbitzuetan, langile guztiak ariko dira. Bestalde, telefono bidezko arreta zerbitzuetan, langileen % 50 arituko dira ESI hauetan: Araba, Donostialdea, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta, Bilbo-Basurtu, Uribe, Debabarrena, Bidasoa, Tolosaldea, Barakaldo-Sestao eta Barrualde-Galdakao.