"Beharrizana, plazerra eta askatasuna da batez ere proiektu hau"
Bakarkako ibilbideari ekin dio Aimar Cid Luna gernika-lumotarrak. Mendekotasunik gabe, independentziarekin, bere ahots lakartuaren lorratza duten rock ataleko abestiak ondu ditu.
Motxila txikiagoagaz bide pertsonalena bizkarreratuz, abesti intimoenekin dator AIMAR. Izen hori ipini dio bakarkako proiektuari Aimar Cid gernikarrak. Hezitzaile eta irakasle lanbidez, urte asko daramatza kantuak sortzen eta letrak idazten, eta Dientes de Luna taldeagaz bost disko argitaratu ditu.
Bakarlari moduan aurkeztu zara. Salto hau zergatik dator?
Salto naturala izan da. Azkenengo urteetan gauza asko eduki ditut buruan, eta musika asko konposatu dut, baina idaztea orain atera zait. Gogoa eduki dut, era batera edo bestera, behar izan dut, eta aurrera egin dut.
Salto hau ematean bertigoa sentitu al duzu?
Beldurrik ez dut sentitu, zero. Nire espektatibak ez dira inondik inora ere 20 urtegaz eduki nituenak; gozatu gura dut, eta askotan esaten dudan moduan, AIMAR edo proiektu hau beharrizana, plazerra eta askatasuna da batez ere, eta orden horretan. Beti egon naiz musikari onez inguratuta, eta hasieran pentsatu nuen ea gai izango nintzen buruan daukadan hori musikalki islatzeko. Agian, hasieran beldur apur bat ematen du, baina uste dut gogoak beldurra gainditzen duela.
Espero zenuen bide horretan zaudela uste duzu?
Onerako edo txarrerako, Aimar %100 da, ez dago beste ideiarik. Zer egiten nagoen eta zergatik badakit, kontziente naiz. Jendeari gustatzen bazaio hobeto, baina egiten ari naizenagaz oso pozik nago. Eduki duen harreragaz oso harrituta eta eskertuta nago. Nire asmoa ez zen elkarrizketak egitea, sare sozialetan berriro ibiltzea… Denbora tarte nahikoa egon naiz sare sozialei kasurik egin barik, eta orain berriro hau ikustean, burua lehertu zait, nire ideia ez zelako hori. Kantak ateratzea erabaki dut, eta harrera oso positiboa eduki dute. Gainera, jendeak asko hausnartu du nik idatzitakoagaz, eta niretzat hori oso garrantzitsua da. Uste dut kantek nire edo gure errealitate bat islatzen dutela.
“Ez dira kantak, aitormenak dira; rock & roll intimistagoa da, rock gazi-gozoa”
Zein da zure helburua? Zer eskaintzera zatoz?
Proiektu honegaz ez dago helburu bat, eta ezin dut esan zerbait eskainiko dudanik. Lehenengo eta behin, neure buruari eskaini diot denbora bat, tarte bat, eta bizipen desberdinak. Beti gustatu izan zait pertsonen inguruan berba egitea, orokorrean, bai neure buruaz edo besteetaz, pertsonek zelan jokatzen duten ulertzea, eta horretaz ari naiz, abestiak horrela ateratzen nabil. Ez dira kantak, aitormenak dira. Aitormen bakoitzak bere izenburua dauka, eta horietako bakoitzean gaur egun bizitza zelan bizi dudan azaltzen saiatzen naiz. Eta uste dut jendea oso identifikatuta sentitu daitekeela, batez ere gure adin tartekoak.
Estiloari dagokionez, zein da aipatu duzun Aimar %100 hori?
Aimar rock & rolla da; odolean daukat rock & rolla. Baina, bakarkako ibilbide honetan, erromantiko puntu nahikoa dago, ez maitasun zentzuan, agian, hori ere bai, baina nigandik irteten den erromantizismoa da, eta jendeari ateratzen diot. Rock & roll intimistago bat da, edo esaten dudan moduan, rock gazi-gozoa.
No soy de nadie abestiagaz aurkeztu zara bakarka. Zer dio?
Izenburuak berak esaten du. Jende asko ezagutu dugu, gauza asko bizi izan ditugu, eta, normalean, eduki ditugun kolperik handienak ere jendearengatik etorri dira. Momentu batzuetan beste batzuen beharrizana sentitzen duzu. Pasatzen dena pasatzen dela ere, hemen nagoela, ez naizela inorena, eta pozik egoteko ez dudala beste inor behar da No soy de nadie.
Maiatzean kaleratu duzu bigarrena: Amotina. Zer kontatzen duzu bertan?
Erabateko biluztea da. Uste dut nire bizitzako beste momenturen batean hau ez nuela idatziko. Inoiz ez dut egin introspekzio lan hain handia. Ispilura begiratu eta esan dut ‘hau eta hau naiz’. Batere gustatzen ez zaizkidan gauzak atera ditut eta horrela izaten segitu gura dudanak ere bai. Arimari emandako kolpea da Amotina, arimari emandako turbulentziak dira. Bakoitzak pentsatzen duen moduan bizi behar dela diot kantuan; gauza asko bizi, askotan huts egin, beste batzuetan igarri, baina, batez ere, bizi. Uste dut nire arimarentzat beharrezkoa dela hori.
Noren laguntza daukazu?
Asko konposatzen dut, eta beste arloetarako laguntza edukitzen dut beti, bai grabazio prozesuetan bai kontzertuak lotzeko edo promozioa egiteko prozesuetan. Horietan hurbileko jendea eduki gura izan dut, nire proiektua ulertzen duen jendea izatea eta nire ikuspuntua daukana.
Non grabatu dituzu?
Bilboko Taom estudioetan grabatu ditut Jagoba Ormaetxeagaz. Konposatze lana nirea izan da %100, eta berak egin du produkzio osoa. Orokorrean pertsona oso gaitza naiz, bai buruan bai inguruan gauza asko ditut, eta nigaz nahikoa zorrotza naiz. Batzuetan horrek eragina dauka nire inguruan, eta uste dut Jagobak ondo ulertu nauela, momentu bakoitzean zer gura izan dudan ulertu duela, eta bere iritziak eta aholkuak eman dizkit. Laguntza handia eduki dut, batez ere, emozionala. Kantetan ez bakarrik idatzi, transmititu gura izan dut. Amotina-n ikusten da: momentu batzuetan amorratuta nago, benetan hori ez zaidalako gustatzen, eta horrela sentitu dut. Eta sentitu dudan momentuan grabatu dut, momentua zenean eta momentua zelako, eta Jagoba horretara moldatu da, malgutasuna eduki dut.
Baga-Biga disketxeagaz segitu duzu, diskoa kaleratzea al da zure helburua? Momentuz zenbat abesti sortu dituzu?
Naturaltasunez joango den proiektua da. Kanta hauek orain atera ditut, gura izan dudalako; ez daukat plan finko edo zehatzik. Kanta batzuk badauzkat, eta gustatuko litzaidake denak ateratzea, baina momentuagaz jolastu gura dut. Hau da, gogoa daukadanean atera gura ditut. Adibidez, Amotina beste data batean kaleratzekoa zen, baina momentu horretan ez nintzen egon prest hori ateratzeko. Kantak niretzat oso pertsonalak eta oso emozionalak dira. Nik neuk ere emozionalki kantagaz gura dut hor egon. Kanta asko dauzkat grabatuta, letra asko dauzkat idatzita, baina ez dakit hurrengoa irtengo den edo ez. Proiektu zintzoa izatea gura dut, jendeagaz, baina batez ere nigaz. Nahiz eta Baga-Bigagaz egon, ez daukat derrigortasun bat. Ez daukat bide orririk, eta askatasun hori edukitzea gustatu zitzaien.
Zuzenekorik emango duzu?
Ez dakit. Dei nahikoa eduki ditut kontzertuak egiteko, baina oraindino ez nago prest. Ez dakit gura izango dudan, zuzenekoek txunditzen naute, baina uste dut denbora tarte bat pasatu behar dela eta ni ere prest egon behar naizela egiten nagoena benetan zuzenean kaleratzeko edo egiteko. Jakina, kontzertuak intimoak izango dira, hori argi daukat. Etorriko den publikoa kantak entzutera, abestera eta ondo pasatzera etortzea gura dut, bizitzea eta pentsatzea. Show musikala bakarrik izatea ez dut gura. Hausnarketarako izatea ere gura dut. Kontzertu akustikoak edo lasaiak ikustea eta entzutea asko gustatzen zait, asko erlaxatzen nau, eta hori sentitu gura dut, hori da nire helburua.