Osakidetzako grebagaz bat egiteko deia egin dute Bermeoko ospitalean
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek greba deitu dute etzi eta barikurako [maiatzak 18-19]. Mundakako mediku kontsultategiaren aurrean elkarretaratzea egingo dute etzi, 13:00etan.
Osakidetza salba dezagun. Osasun publikoa desegitearen aurka izango da Osakidetzako SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek etzirako eta barikurako [maiatzak 18-19] deitu dituzten lanuzte eta mobilizazioen lelo nagusia. Bermeoko ospitaleko langileak ospitale kanpora atera ziren atzo [maiatzak 15], eta grebagaz bat egiteko deia egin zuten.
Osakidetzako sare guztia dago grebara deituta, 37.000 langile inguru, eta “berehalako konponbide sakonak” exijitzen dituzte.
“Osakidetzak bizi duen egoera larria eta negoziazioaren blokeoa” salatu dute sindikatuek, eta Osasun Sailaren jarrera kritikatu dute; izan ere, horien arabera, “gor eta mutu jarraitzea erabaki du kaleko aldarrien aurrean —otsailaren 25ean manifestazio jendetsuak izan ziren Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hiru hiriburuetan—.
Hori dela eta, sindikatuek Osakidetzako erabiltzaileak deitzen dituzte Bizkai, Araba eta Gipuzkoako osasun publikoaren aldeko borrokan parte hartzera. “Osakidetzak gure gizartean duen garrantzia nabarmendu gura dugu. Osasun publikoa oinarrizko eskubide bat da”, azaldu dute.
Urteetan Osakidetzan egin diren “kudeaketa negargarriak eta politika okerrak” baliabide faltaren lekuko izatera eraman ditu langileak: “Profesional falta, Etengabeko Arretako Guneen (EAG) itxiera, Lehen Mailako Arretako hitzorduetan hainbat egunetako atzerapenak, itxarote zerrenden gorakada… hori guztia ikusten ari gara”.
Nabarmendu gura dute Osakidetzako langile guztiek “ahalegin handia” egin dutela azken urteetan; “lan karga handiak eta asistentzia-presio handiak jasan ditugu, eta horrek eragin izan du langileen ongizatean eta lan osasunean”. Gogorarazi dute Osakidetzako langileak euskal osasun sistema publikoaren “funtsezko parte” direla. Horregatik guztiagatik, herritar guztiak deitzen dituzte antolatuta dauden mobilizazioetan “modu aktiboan” parte hartzera.
Mundakako EH Bilduk deituta, etzi [maiatzak 18], 13:00etan, elkarretaratzea egingo dute Mundakako mediku kontsultategi aurrean, Osakidetzan deitutako grebari babesa eman asmoz.