Memoriaren "begirada" zabaldu du Gernika Memoriaren Lekukok
Gernika Memoriaren Lekuko plataformak bonbardaketaren 86. urteurreneko egitarauaren balorazioa egin du, eta elkarlanerako bideak jorratu izana "positibotzat" hartu du.
Memoriaren fokua eta begirada zabaltzea izan da eta “beti” da Gernika Memoriaren Lekuko plataformaren erronka, eta Gernikako bonbardaketaren 86. urteurrenean helburu hori bete dutela ondorioztatu dute plataformako kideek: “Memoria eraikitzeko bide, begirada eta modu asko daude, eta zentzu horretan, espazio eta eragile ezberdinekin elkarlanerako bideak jorratu izana positibo baloratzen dugu: kultur etxea, Euskal Herria Museoa, Drogueria Amutio, ikus-entzunezkoetan aritutakoak, mugimendu feminista…”.
Formetan ere, diziplina ugariren bidez plazaratu dute euren lana: erakusketak, liburu aurkezpenak, oroimen ibilbideak edota arte eszenikoak. Guztira 18 ekimen burutu dituzte, 15 egunetan, eta denbora tarte laburrean horrenbeste ekitaldi egiteak ideiak “azpimarratzeko” aukera gutxiago eskaintzen duela diote: “Egun gutxitan ekitaldi asko egitea, sarri, kontraesan modura bizi dugun elementua da, ekintza asko debora laburrean antolatzen ditugulako, eta, horrek, dei ezberdinak azpimarratzeko aukera gutxiago eskaintzen digulako. Bestalde, eragileak gugana datoz egitasmoak aurkeztera, eta guk horien parte izan nahi dugu”. Hori dela eta, uste dute “orekan” dagoela gakoa, eta hori “fintzen” ahaleginduko direla diote.
Halaber, urteurrenaren harira, memoria mugimeduen saretzean ere lan “sakona” egin dute. Martxoak 3 elkartekoek piztu zuten Gernika Batzordearen sirena, eta Lleidako elkarteagaz Munitibarrera joan ziren, memoria bisita egitera eta Ahaztuen Oroimena 1936 elkartekoen proiektuaren berri edukitzera; Munitibar 1937/04/26: Aire-Eraso baten Kronika liburua aurkeztu zuten. “Potentzialitate handia nabaritzen dugu elkarlan horretan, eta sakontzeko asmoa eta bokazioa ditugu”, adierazi dute plataformako kideek.
Halaber, gazteen protagonismorako “leiho iraunkorra” izateko erronka dute, eta zeregin horretan aurten “zertxobait hobetu” dutela diote: “Ondarearen lanketan, bideoklipean dantzariekin… landu dugu. Hala ere, bide horretan sakontzea da gure asmoa”.
Beste urte batez, gernikarrak zoriondu gura izan dituzte plataformako kideek, ekimen, parte hartze eta inplikazio “handiak” ematen direlako Gernika eta bere memoriaren eraikuntzan: “Pozgarria da sentitzea gure herriko memoria bizirik dagoela”.