Eguraldi eskasari aurpegi ona jarri diote Foruko Herri Martxan
Espero zutena baino ibiltari gehiago bertaratu ziren domekako hitzordura; 60 parte hartzaile inguruk egin zuten martxa.
Eguraldi eskasa egin arren, azaldu dutenez, “giro ezin hobea” izan zuten domekako Foruko Herri Martxaren hamahirugarren aldian. Arropa aproposak jarri eta aterkina eskuetan abiatu ziren herritarrak udalerriko inguruetatik antolatutako martxa egitera.
Iragarrita zegoen eguraldiagaz, “espero zutena baino jende gehiago” agertu zen udalak jarritako hitzordura. Gutxi gorabehera, 60 parte hartzaile egon zirela zehaztu dute.
Udaletxe aurretik abiatuta, 8,86 kilometroko ibilbidea egin zuten, eta mokadutxoa hartzeko geldialdia ere egin zuten.