44 urtez agintean alderdi bera egotea "ez dela osasungarria" dio Mundakako EH Bilduk
Udal hauteskundeetarako Mundakako EHBilduk eskaintzen duen programa aurkeztu zuten zapatuan (maiatzak 13)."Jende multzo polita batu zen udaletxeko arkupeetan, programaren ildo nagusiak bertatik bertara ezagutzeko. Bildutakoen artean nabarmena zen ekitaldiak kutsatuko lanerako gogoa eta poztasuna".
Besteren artean,”osasun zerbitzuen lehentasuna, gardentasuna eta parte-hartzea ” dira Mundakako EH Bilduren zutabe nagusiak. Sorne Rubio Arano Mundakako EH Bilduren alkategaiaren berbetan, egungo Mundakaren egoeraren “erantzukizuna EAJk dauka”.
Iratxe Arriolak Eako alkateak Busturialdearen arazo nagusiak eta erronka zentralak aipatu zituen: uraren krisia, langabezia tasa, eskualdetik lanerako kanpora irten beharra, etxebizitza… Arriolak esan zuenez, “horietako bakarra ere ez da konponduko Urdaibai honetan Guggenheim markako museoak eginez”.
“Gazteentzako eta etxebizitzaren premian bizi diren pertsona zaurgarrientzako etxe bat bera ere eraiki ez izana” kritikatu zuen Jose Manuel Etxeita zerrendako hirugarrenak. Hirigintza arlorako dituzten zenbait proposamen azaldu zituen, besteak beste, obra-lizentzien epeak laburtzearena. Etxebizitzaren gaia gazteen premien gaiari lotuta aipatu ohi da, eta halaxe egin zuen zerrendako seigarrena den Irati Kapanaga Athleticeko futbol jokalari ohiak. Horrekin batera, antolakuntza eta autodefentsa feministaren premia aldarrikatu zituen.
Bestalde, Oskar Matutek bideo-dei bidez hartu zuen hitza, eta, “beste edozeren gainetik, oraingo hauteskundeetan jokoan asko” dagoela azpimarratu zuen, eta bertaratutakoei “lanari eusten segitzeko eskatu” zien.