Herri "ireki, bizigarri eta berritzaile" bat lortzeko lan egingo du Bermeoko EH Bilduk
Idurre Bideguren senatari bermeotarrak eta Ikoitz Arrese legebiltzarkideak parte hartu zuten atzoko ekitaldian.
Euriagatik babestu aldera, Bermeoko EH Bilduk Artza frontoian egin zuen atzo ekitaldia. Asier Larrauri alkategaiak hartu zuen hitza lehenengo. Bermeo “hobe bat” maite dutela eta, “aldaketa beharrezkoa” dela nabarmendu zuen: “Udal politikak egiteko beste modu bat behar dugu, bermeotarrak erdigunean jarrita eta hurbileko politikak eginda”.
100 ekintzaz osatutako programa osatu dutela esan zuen, “proiektu zehatzekin”. Programa, hala ere, “zabalik” dagoela nabarmendu zuen: “Denon ekarpenak jasotzeko zabalik dago”. Prestatu dituzten ekintza eta proiektuek herri “ireki, bizigarri eta berritzaile” bat lortzeko helburua daukatela diote, eta horretarako lan egingo dutela gaineratu dute: “Bermeotarron bizi kalitatea hobetzeko eta maite dugun Bermeon bizitzeko, herri hobea izateko”.
Idurre Bideguren senatari bermeotarraren eta Ikoitz Arrese legebiltzarkidearen babesa izan zuen atzo Bermeoko EH Bilduk.