Faxismoak "oso bizirik" jarraitzen duela nabarmendu dute Sollubeko gudariak omentzeko ekitaldian
Mañuko probalekuan batu ziren atzo [maiatzak 14] Sollubeko Batailan parte hartu zuten gudari eta milizioanoak gogoan edukitzeko.
Sollube 1937 elkartekoek gogorarazi dute omenaldia egiten dutela Sollubeko Batailan parte hartu zuten gudari eta milizianoak “ahanzturan” egon direlako. “Beharrizan morala” zegoela iritzita hasi ziren omenaldia egiten Mañu auzoan: “Sollubetik hurbilen dagoen auzoa da Mañu. Herrigunean egitea errazagoa izan zitekeen, eta ziurrenik jende gehiago bertaratuko litzateke, baina uste dugu ez daukala zentzurik. Koherentzia eta balioa emateko hemen egiten dugu, eta berton egiten jarraituko dugu. Gure memoria da, memoria antifaxista”.
Eguraldi txarragaz ere, Mañuko probalekuan egin zuten ekitaldia, beste batzuetan ez modura. “Euria egin duenetan, auzoko frontoian egin izan dugu omenaldia. Aurten, Bermeoko Udalak trabak jarri dizkigu; ez ditugu herriarena den frontoi baten giltzak”.
Andoni Santiago elkarteko kideak hartu zuen hitza atzo [maiatzak 14], eta Sollubeko Batailan parte hartu zuten gudariei eta miliazianoei eskerrak ematen hasi zuen berbaldia: “Bizia eman zuten Sollubeko magaletan. Eurek bizia eman zuten, baina borroka gehiago ere egon ziren, batez ere, borroka memoriala. Belaunaldiz belaunaldi memoria transmititzen egon dira batzuk, eta horiei esker, gaur egun posible dugu bataila hau ahanzturan ez geratzea”.
“Ezin daiteke faxismoa gutxietsi, benetako mehatxua da. Faxismoaren mehatxuari fronte komun eta zabal batetik aurre egin behar zaio”
Sollubeko Batailan ideologia eta fronte desberdinetako jendea egon zela gogorarazi zuten, baita Euskal Herritik kanpoko jendea ere: “Horrek esan gura du faxismoa borrokatzeko mila modu daudela, denak dira beharrezkoak eta denetan egon behar gara buru-belarri sartuta”. Nabarmendu du faxismoak gaur egun “oso bizirik” jarraitzen duela: “Ezin daiteke faxismoa gutxietsi, benetako mehatxua da. Geroz eta mezu antifeminista eta misogino gehiago daude, homofobia, arrazismoa, xenofobia… mota horretako jarreren aurka egin beharra daukagu, hasieratik. Hori da mehatxurik handiena. Horiek guztiak normalizatzen eta zuritzen baldin baditugu, txarrera joango gara. Ez dira gauza normalak, eta galtzeko arrisku nabarmena daukagu”. Hala, faxismoa “ez dela mamu bat” eta gaur egun presente dagoela gaineratu zuen; ez dute etorkizuna “esperantza askogaz” ikusten. Faxismoaren mehatxuari “fronte komun eta zabal” batetik aurre egin behar zaiola uste dute: “Ezin diogu faxismoari aurrea hartzen utzi. Nagusitasuna hartzen badu, izorratuta egongo gara. Antifaxismoa da bide bakarra, era guztietan”.
Solluben hil ziren gudari eta milizianoak oroitzeko ohorezko aurreskua dantzatu zuten. Azoka Memorialista ere ez da falta izan aurten Mañuko probalekuan. Hala, aurten ere Memoria Historikoko taldeen materiala salgai eduki zuten.
Horrez gain, ekitaldia amaitu zutenean, Pablo Gonzalez askatzeko eskatu zuten.