Elixabete Etxanobe: "Guggenheim Urdaibai bai ala bai egingo da"
EAJk Aberri mitina eman zuen atzo [maiatzak 14] Gernika-Lumoko Merkatu Plazan.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusigai jeltzaleak berretsi zuen artea eta natura integratu, inguruneari balioa eman eta jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzea ahalbidetuko duen museoa izango dela, eta “Gernika-Lumorako, Urdaibairako, Bizkairako eta Euskadirako ona den” proiektua garatzeko Espainiako Estatuagaz “hitzarmena ixtear” daudela: “EAJk Estatuaren konpromisoa landu du Guggenheim Urdaibai finantzatzeko 40 milioi euro jartzeko”.
Aberri mitina izan zen atzo arratsaldekoa [maiatzak 14], eta eskualdeko alkategaiak, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidentea eta alderdiko hainbat sailburu eta ordezkari egon ziren bertan. Xabier Irazabal alkategai gernikarrak zehaztu zuenez, “Dalia enpresa zegoen eraikinean museoa egitea errazteko eta bultzatzeko konpromisoa dauka”.
Irazabalen arabera, EAJ-PNVk Gernikako hautesleen konfiantza “berreskuratuko” du, eta konfiantza hori “ekintzekin, lanarekin eta seriotasunarekin” bueltatuko diete: “Gernikak ezin du paralisian eta pertsonalismoan ainguratuta jarraitu. Gernika-Lumok erakundeen arteko lankidetzatik proiektu berriak posible egingo dituen etapa berri bat hastea merezi du”.