Bermeoko EAJk Alde Zaharra berreskuratzea bultzatuko du
Bermeoko EAJk Goiko Plazan, udaletxe aurrean, egin du gaur [maiatzak 15] agerraldia. Izan ere, hauteskunde programaren baitan udaletxeko obrak amaitzea daukate aurreikusita.
“Alde Zaharra bermeotar guztien bihotza da, eta taupada indartsua berreskuratzeko garaia iritsi da. Horregatik, guztiona den altxor hori zaintzea gure ardura da”, esan du Aritz Abaroa EAJren alkategaiak. Horregatik, “Bizkaiko handienetakoa” den Bermeoko Alde Zaharra berreskuratzea bultzatuko dutela esan du gaur, Goiko Plazan egindako agerraldian.
Helburu horretan aurrera egiteko, EAJk inguruko jarduera suspertzea planteatzen du. Gainera, uste dute “eremu irisgarri eta eder” bihurtzeko lan egin behar dela. Ildo horretan, kalez kaleko garbiketekin eta orube hutsak berreskuratzeko lanekin jarraitzeko asmoa agertu dute, eta Lokalbide programa indartzekoa ere. Udaletxeko obrak amaitzea ere helburu dute.