Mendietako plazan batu dira goiz luzez prestatutako sukalkiak dastatzeko; adin guztietako herritarrak batu dira.

San Isidro eta San Asentsio jaiak ospatzen hasi ziren atzo ajangiztarrak, eta gaur [maiatzak 13] jaietan jende gehien batzen den egun horietako bat da, sukalki eguna ospatzen ari baitira.
Goiz goizetik hasi dira sukaldariak patataz eta okelaz egindako sukalkiak prestatzen; denetara, bost sukalki egin dituzte, familia eta lagunartean bazkaltzeko. Izan ere, Mendietako plazan batu dira goiz luzez prestatutako sukalkiak dastatzeko. Bazkari herrikoia berezia da ajangiztarrentzat, eta, gaurkoan ere, adin guztietako herritarrak batu dira.
Juan Maria Garatenak prestatu du gaur Ajangizen dastatu duten sukalkietako bat, eta dioenez, zortzi inguru daramatza Ajangizen sukalkiak prestatzen. “Pozik” egiten duela dio, “lagunartean eguna pasatzen dutelako”. Haren hitzetan sukalkiak ez du sekreturik, “saltza prestatu baino ez”.
Jesus Irazabalek ere “gustura” egin du sukalkia gaurkoan, eta herrian sukalki eguna egiten denetik parte hartu duela dio. Sukalkiaren sekretua “gogoa jartzea” dela aipatu du, “denbora asko” eskatzen duelako. Ondoren, familia eta lagunek “oso gustura” jaten dutela azaldu du.
Aurten, umeentzako jolasak daude arratsaldean, eta dantzan amaituko dute eguna.
Errenteriako zubitik Mendietako plazaraino Saragiaren igoera eginez hasi zituzten atzo herriko jai nagusiak, Errenteria Ajangiz zela aldarrikatuz. Jaiak hasi baino ez dira egin, aurretik ospakizunetarako egun asko dituzte.




























