Ibai Amillategi gernikarrak irabazi du Muxikako saioa
Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen faseko bi saio jokatu zituzten atzo [maiatzak 11]. Dimako saioan Iñaki Iturriotzek lortu zituen puntu gehien.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Udabarria Bertsotan sailkapen fase B multzoko saioa izan zen Muxikakoa, eta Ibai Amillategi Omaetxebarria gernikarra 195,5 puntugaz nagusitu zen. 184,5 puntu lortu zituen Inazio Vidal Gurrutxaga bigarren sailkatuak, eta 180 puntu Maite Sarasola Isazelaia hirugarrenak. Jende asko batu zen atzo (maiatzak 11), Ariatzako eskolan.
A multzoko Dimako saioa, berriz, 182 puntugaz irabazi zuen Iñaki Iturriotz Zuluagak. Aitor Arrutia Azkueta sailkatu zen bigarren, 180,5 puntugaz, eta Koldo Gezuraga Seijido gernikarra hirugarren, 172,5 puntugaz.
Datorren asteko saioak. Udabarria Bertsotan fasea aurreko astean hasi zuten, eta maitzeko eguenetan lehiatuko dute. Hurrengo saioak, beraz, maiatzaren 18an izango dira, Aulestin eta Sopelan. Horietarako zein gainontzeko saioetarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Bertsozale elkarteko bazkideek 2 euro ordaindu behar dituzte, eta bazkide ez direnek 3 euro; 8 urtetik beherakoentzat, ostera, sarrera doakoa da.
Aulestiko saioan eskualdeko bi bertsolari ariko dira: Asier Galarza Garai muxikarra eta Julen Ibarguengoitia Ordorika gernikarra. Horiekaz batera, bertsolari hauek igoko dira oholtzara: Garazi Navarro Ugarteburu (Amoroto), Lurdes Ondaro Mallea (Munitibar) eta Bittor Salterain Etxebarria (Durango).
Sopelan, berriz, hiru izango dira bertokoak: Iker Uriarte Urrutia bermeotarra, Koldo Muñiz Aldamizetxebarria ibarrangelutarra eta Mikel Retolaza Etxebarria busturiarra. Hiru bertsolari hauek osatuko dute saioko seikotea: Ander Ezeiza Arana (Barakaldo), Ander Elorriaga Aresti (Durango) eta Mikel Goiriena Larrazabal (Mungia).
Maiatzeko azkenengo eguenean Busturian eta Zallan lehiatuko dira bertsolariak.