Badator Foruko Herri Martxa
Domekan [maiatzak 14] egingo da martxa. Antolatzaileek esan dute "zailtasunik bariko" ibilbidea dela eta, hortaz, familian egiteko "aproposa" dela.
Udalak antolatuta, Foruko Herri Martxan batuko dira foruarrak domekan [maiatzak 14]; aurtengoa martxa egiten duten hamahirugarren aldia da. Herri Martxan parte hartu gura dutenek 10:30ean egon beharko dute udaletxe aurrean, bertatik aterako baitira.
Aurrekoetan modura, familian egiteko ibilbide “aproposa” dela azaldu dute antolatzaileek, “zailtasunik barikoa”. Hain zuzen ere, 8,86km kilometroko ibilbidea egingo dute; pare bat ordutan amaitzeko modukoa dela aurreikusi dute. Iaz 80 ibiltarik egin zuten martxa.
Martxan parte hartzeko ez da aurretiaz izena eman behar, eta doan da. Udal ordezkariek herritarrak gonbidatu dituzte martxan parte hartzera.