Guzanek "aukera bat emateko" eskatu die bermeotarrei
Talde “plural eta indartsuagaz” aurkeztu da Bermeoko Guzan maiatzeko udal hauteskundeetara. “Talde esperientziaduna eta, betiko moduan, partidu tradizionalen gainetik egiteko prest dagoena da”. Azpimarratu dute “ilusioagaz eta indarragaz” dauden pertsona gehiago batu direla taldera.
Zortzi urteko lanaren ondoren, bermeotarrei “konfidantzazko botoa” eskatu diete, taldeak “beste edozein alderdik baino hobeto” gobernatuko duela frogatzeko. Eurei aukera bat emateko eskatu diete: “30 urtetik gora daramate betiko alderdi politikoek Bermeon gobernatzen, eta agerian dago euren politiken emaitzak ez direla onak”.
“Hirigintza proiektuetan ardaztutako 40 urteko bipartidismoaren ondoren”, uste dute 2023ko hauteskunde hauek “benetako aldaketarako une giltzarri batean” datozela. Bermeotarren “benetako lehentasunak beste batzuk” direla deritzote, “seme-alaben heziketaz eta Gaztelugatxek sortutako espekulazio turistikoak jazartutako paisaiaren ingurumen-etorkizunaz kezkatuta daudelako”.