Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetxeak jasoko du Hegaluze Saria
Aurten 50 urte beteko ditu eskola publikoak, eta saria maiatzaren 19an emango diote, Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldiaren baitan.
23. Hegaluze Saria San Frantzisko Herri Ikastetxeak jasoko du. Izan ere, aurten 50 urte beteko ditu Bermeoko eskola publikoak. Saria, Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian hartuko dute, maiatzaren 19an [barikua].
Hegaluze Sariak Bermeoren izena zabaldu edo herriaren alde egin duen pertsona zein erakundea saritzea du helburu. Hala, aurten, eskolaren ibilbidea saritzea erabaki dute herritarrek.
Epaimahaiaren arabera, hurrengoak izan dira saria emateko arrazoi nagusiak: Bermeoko eskola publikoak 50 urte beteko dituela, bermeotar askorentzat eskola hori lehen eskola izan dela izaten jarraituko duela eta bere bizitzako erreferentziazko eskola dela. “Eskola publikoa beti egon da herritar guztientzat zabalik. Euskalduna, berritzailea, eleanitza, inklusiboa eta publikoa den heinean, konpentsatzailea eta ideologikoki anitza da. Eguneroko errealitatean murgilduta bizi den eskola eraikitzen jarraitzen du; eskolak gure herriko umeei bere ahalmen guztiak garatzen eta bizitzaren eremu guztietan aurreratzen laguntzen die. Herritar tolerante, kritiko, parte hartzaile, arduratsu eta jasangarritasunarekiko konprometituak bultzatzen ditu”.
Atzo [maiatzak 9] batu ziren Arrain Azoka elkarteko kideak aurtengo Hegaluze Saria zeinentzat izango den erabakitzeko. Jakitera eman dutenez, herritarrek hamahiru proposamen egin dituzte, eta saria jasotzeko hautagaiak bederatzi ziren. Denen artean erabaki zuten aurtengo Hegaluze Saria San Frantzisko Herri Ikastetxeari ematea.