Olatz Arrizabalagak eta Amaia Aldaik irabazi dute GRABNI Txapelketa
Bizkaiko selekzioagaz, pilota mistoko nagusi kategorian nagusitu da Lea Ibarra Motrollo taldeko bikotea, Miren Larrarteri eta Naroa Agirreri 22-12 irabazita.
Bizkaiko selekzioagaz aritu ziren Olatz Arrizabalaga eta Amaia Aldai gailendu ziren atzo [maiatzak 8] Gasteizen lehiatutako pilota mistoko nagusien kategorian; Gipuzkoako Miren Larrarteri eta Naroa Agirreri 22-12 irabazita jantzi zuten txapela.
Hasieratik amaierara bitartean, “nagusitasun handia” erakutsi zuten Arrizabalagak eta Aldaik, eta partidu amaieran “akats” batzuk egin zituzten arren, aurrez aurrekoa “kontrolpean” eduki zutela diote. “Bikote bikaina osatu genuen. Ez gaude elkarregaz jokatzera ohituta, baina elkar ondo ulertu genuen kantxan. Nahiko eroso irabazi genuen partidua”, azaldu du Arrizabalagak.
Olatz Arrizabalaga: “Miren Larrarte oso ondo aritu zen aurrean, baina ez genion jokoan sartzeko aukerarik eman. Oso ona da teknikoki, eta jokoz kanpo uztea lortu genuen”
Txapelketa gehienetan biek kantxaren aurrealdean jokatzen duten arren, GRABNI ligan bi postuetan jokatu dute batak zein besteak, “norberaren sentsazioen arabera”.
Partidua irabazteko, aurkariei aukerarik ez ematea zen Arrizabalagaren eta Aldairen estrategia, eta lortu zuten: “Miren Larrarte oso ondo aritu zen aurrean, baina ez genion jokoan sartzeko aukerarik eman. Oso ona da teknikoki, eta jokoz kanpo uztea lortu genuen”. Partidua “indarrean irabazi” zutela dio pilotari gernikarrak, “atzean Agirrek ezin izan zuelako Aldairen sakeekin, ez eta pilotari ematen genion indarrarekin ere”.
Esperientziak ere eragina eduki zuela onartu du. “Guk esperientzia dugu finalak jokatzerakoan, asko lehiatu ditugu. Esperientzia hori nabaritu egiten da, eta eurak urduriago egon ziren. Horrek ere eragina dauka”.
Gazte mailan ere nagusi. Lea Ibarra Motrollo taldeko Enara Gaminde eta Olatz Beitia lekeitiarrak ere Bizkaiko federazioagaz lehiatu zuten txapelketa, eta gazte mailan nagusitu ziren Gipuzkoako Uxue Oses eta Leire Galdeanoren aurka; 22-9koagaz amaitu zen norgehiagoka.
Partidu “oso ona” egin zuen Lea-Artibaiko bikoteak, txapelketan jokatu duten onena. Ligaxkan gipuzkoarren kontra galdu zuten arren, finalean errebantxa lortu zuten. “Elite mailan asko jokatu du Gamindek, atzelari oso ona da, eta asko gailendu zen. Beitiak, gainera, nagusitasuna erakutsi zuen aurrean. Oso serio jokatu zuten eta partidu perfektua egin zuten”.